- AGINDUA, 2012ko urriaren 19koa, Kulturako sailburuarena, kirol diziplina berriak aitortu, eta Euskadiko Kirol Federazioen urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren eranskinean jasotako modalitate eta diziplinen katalogoa eguneratzen dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2012ko urriaren 19koa, Kulturako sailburuarena, kirol diziplina berriak aitortu, eta Euskadiko Kirol Federazioen urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren eranskinean jasotako modalitate eta diziplinen katalogoa eguneratzen dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 229
- Hurrenkera-zk.: 5211
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/10/19
- Argitaratze-data: 2012/11/27
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Euskadiko kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legeak 18. artikuluan dioenez, Eusko Jaurlaritzak, Euskadin kirola antolatu beharrak duen interes publikoa dela eta, edozein jarduera kirol-modalitatetzat kalifikatu ahal izateko irizpideak eta baldintzak finkatuko ditu, bai eta kirol-modalitate baten barruan zein diziplina egongo diren ere. Artikulu bereko bigarren puntuan xedatzen du, gainera, Eusko Jaurlaritzaren barruan kirol arloko eskumenak dituen sailari dagokiola jarduerak kirol-modalitatetzat kalifikatzea eta kirol-modalitate horren mendeko diziplinak zehaztea, Kirolaren Euskal Kontseiluaren txostena aztertu eta gero.
Gai hori Euskadiko Kirol Federazioen araubidea xedatzen duen urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuan dago araututa, kirol-modalitateez, kirol-diziplinez eta probez diharduen V. tituluko I. kapituluan.
Dekretuan xedatutakoari men eginez, 46. artikuluak dioenaren arabera, kirol-modalitatea izango da kirol-diziplina multzo bat, gutxieneko arau berezi eta finkatuak eta behar bezala bereiziak dituena, eta, hortaz, beste kirol-modalitate batzuen aldean autonomia maila handia duena.
Dekretuaren 49. artikuluak zehazten du bertako eranskinak jasotzen dituela Eusko Jaurlaritzak onartzen dituen kirol-modalitateen eta -diziplinen hasierako zerrenda, eta Kulturako sailburuaren agindu bidez eguneratu ahal izango dela eranskin hori.
Onarpen horretarako erabili behar den prozedura dekretuaren 49.2 artikuluan jasotzen da. Bertako azken paragrafoan Eusko Jaurlaritzako Kiroletako zuzendariari ematen zaio kirol-modalitate edo -diziplina berria, arrazoiak emanez, onartzeko ala ez onartzeko erabakia emateko eskumena, eta, hala badagokio, kirol-modalitateen eta -diziplinen katalogoaren aldaketa argitaratzekoa.
Alabaina, azken atal hori aldatzera etorri zen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren 2007ko uztailaren 16ko epaia Auzitegi Gorenaren 2009ko ekainaren 16ko epaiak berretsia, zeinaren arabera Kulturako sailburuari baitagokio onarpen horretarako eta katalogoaren aldaketa argitaratzeko eskumena.
Alde horretatik, agindu honen helburua da diziplina berriak aitortzea futbol, bola-joko, saskibaloi eta piraguismoko modalitateetan, alde batetik, eta eguneratzea Euskadiko Kirol Federazioen araubidea xedatzen duen urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren eranskineko modalitate eta diziplinen katalogoa, bestetik; hartara, dekretua indarrean jarri zenetik aitortu diren diziplina berri horiek bertan sartzeko, legez ezarrita dagoen prozedurarekin bat.
Aldaketa honen jomuga oraingo egoerara egokitzea da, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan praktikatzen diren eta aitorpena jasotzeko moduko baldintzak betetzen dituzten kirol-diziplina berriak inkorporatzeko.
Hori dela eta, honako hau
Lehenengoa. Futbol-aretoaren modalitatea ezabatzea, diziplina moduan txertatzen baita futbolaren modalitatean, horixe eskatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren 2007ko uztailaren 16ko epaiak (Auzitegi Gorenaren 2009ko ekainaren 16ko epaiak berretsia).
Bigarrena. Saskibaloi, bola-joko eta piraguismo diziplina berriak aitortzea, eta azken horren mendeko zenbait diziplina birdefinitzea ere, zeinak horretarako ezarri den prozeduraren arabera izapidetu baitira.
Hirugarrena. Modalitate eta diziplinen katalogo berria onartzea, Euskadiko Kirol Federazioen araubidea xedatzen duen urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren I. eranskin gisa. Beraz, katalogo berriak aurrekoa eguneratu eta ordezten du. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2006ko otsailaren 14an argitaratu zenetik hona egindako aldaketa guztiak jasotzen ditu katalogo berriak.
Laugarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Modalitateen eta Diziplinen Katalogo eguneratua.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 19a.
Kulturako sailburua,
maría BLANCA URGELL LÁZARO.
(Ikus .PDF)