- 85/2004 DEKRETUA, maiatzaren 18koa, Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordea sortzen eta arautzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu85/2004 DEKRETUA, maiatzaren 18koa, Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordea sortzen eta arautzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 99
- Hurrenkera-zk.: 2776
- Xedapen-zk.: 85
- Xedapen-data: 2004/05/18
- Argitaratze-data: 2004/05/27
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak
Testu legala
Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen 8. artikuluan aurreikusten da Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordea sortzea. Batzordea kirol-alorreko eskumenak dituen sailari atxikita egongo da eta zeregin hauek izango ditu: mugimendu olinpikoa garatzea; ideal olinpikoak zabaltzea; euskal kirolariak Joko Olinpikoetarako presta daitezen eta haietan parte hartu eta ordezkaritza izan dezaten sustatzea eta Euskal Herriko kirolak bultzatzea.
Artikulu horren 4. paragrafoak dioenez, Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeak, bere erakuntzari, antolakuntzari eta jardunbideari buruzko gorabehera guztietarako, lege hau eta berau araudi bidez garatzen duten xedapenak izango ditu araubide. Ondorioz, nahitaezkoa da Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordearen erakuntzari, antolakuntzari eta jardunbideari buruzko lege-aurreikuspenak garatuko dituen dekretua onartzea.
Eskumenari dagokionez, 14/1998 Legearen 8. artikuluan argi agertzen da Eusko Jaurlaritzak duela Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordea sortu eta arautzeko eskumena, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Kirol Zuzendaritzari atxikitako organoa baita.
Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 5eko 34/2002 Dekretuaren 2. artikuluak, sailaren antolaketari buruzkoak, Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordea aipatzen du bertako kide anitzeko organoen artean. Dekretu horretako 12. artikuluaren arabera, berriz, Kirol Zuzendaritzaren zeregina da, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoak dituen eskumenen barruan, goi-lehiaketako kirol-jarduerak sustatzea eta koordinatzea.
Ondorioz, Kultura sailburuaren proposamenez, Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko maiatzaren 18ko bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Dekretu honen xedea Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordea sortu eta arautzea da, Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen 8. artikuluan aurreikusten baita organo hori sortzea.
Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordea organo independentea da eta Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumenak dituen sailari atxikita egongo da, nahiz eta ez den horren egitura hierarkikoan sartuko.
– Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeak funtzio hauek izango ditu:
Mugimendu olinpikoa garatzea eta ideal olinpikoak zabaltzea.
Euskal kirolarien prestakuntza sustatzea, Joko Olinpikoetan eta nazioarteko txapelketetan parte hartu eta ordezkaritza izan dezaten.
Euskal Herriko kirolak sustatzea.
Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeak lankidetza sustatuko du antzeko helburua duten erakunde edo organo publiko zein pribatuekin eta, zehazki, hauekin:
Euskal Kirol Federazioaren Batasunarekin, programak babesteari dagokionez, euskal kirolarien prestakuntza sustatu, eta Joko Olinpikoetan zein nazioarteko txapelketetan parte hartu eta ordezkaritza izan dezaten.
Euskal Herriko kirol tradizionalak praktikatzen diren lurraldeetako organo eta entitateekin.
– Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeak, bere zereginak betetzearren, programa zehatzak onartuko ditu funtzio horiek sustatu eta gauzatzeko.
– Hauek izango dira Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeko kideak:
Kultura sailburua edo berak eskuordetutako pertsona izango da batzordeburu.
Euskal Kirol Federazioen Batasunak izendatutako hiru pertsona, kirol-modalitate olinpikoetako federazioen ordezkari izango direnak.
Kirolaren esparruan sona handia duten bi pertsona, Kultura sailburuak izendatuak.
Batzordeburuak Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeko idazkari izateko izendatutako pertsona bat. Hitza izango du baina botorik ez.
– Zuzenean izendatzen ez diren Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeko hasierako kideak honela aukeratuko dira:
Dekretu hau indarrean jarri eta bi hilabeteko epean, Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordean ordezkaritza duten entitate guztiek Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari jakinaraziko diote zein pertsona proposatzen dituzten kasuan kasuko kargua betetzeko.
Epe hori amaituta, Kultura sailburuak gainerako kideak izendatuko ditu lehenbailehen, eta Batzordearen lehenengo bilkurarako deialdia egingo du.
– Sailburua sailburu den bitartean izango da batzordeko buru, kargu hori betetzearren izendatu baita. Aurreko paragrafoko b) idatz-zatian aipatutako kideek, berriz, izendatu dituzten entitateek formalki horien aldaketa jakinarazi arte beteko dituzte karguak. Gainerako kideen kargu-aldia lau urtekoa izango da eta berriz aukeratu ahal izango dira. Azken horien kasuan, kideren bat hiltzen bada, gaitasuna galtzen badu edo karguari uko egiten badio, horren ordez sartzen dena ordezkatuari gelditzen zitzaion denboran egongo da karguan.
– Aipatutako gorabeherengatik hutsik gelditzen diren karguak hilabetean beteko dira, batzordeko idazkaritzari horren berri ematen zaionetik kontatzen hasita.
– Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeko buruak batzordean aztertzen diren gaietan adituak diren pertsonek bileretan parte hartzea eska dezake. Pertsona horiek hitza izango dute, baina botorik ez.
– Batzordeburuak zeregin hauek izango ditu, besteak beste:
Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordearen ordezkari izatea.
Bileretarako deiak egitea Idazkaritzaren bitartez.
Bileren gai-zerrenda finkatzea.
Bilkurei hasiera eta amaiera ematea.
Eztabaidak bideratzea: kideei hitza ematea, mintzaldiak moderatzea eta, hala badagokio, horien iraupena mugatzea, denon parte-hartzea ahalbidetzeko eta bileren bilakaera egokia bermatzeko.
Bere botoarekin, sortzen diren berdinketak ebaztea.
Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordearen aktak ikus-onestea.
Batzordeburu karguari dagozkion gainerako zereginak.
– Kultura sailburuak izendatuko du Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeko idazkaria. Hitza izango du, baina botorik ez, eta saileko funtzionarioen laguntza eskatu ahal izango du.
– Idazkari lanetan jardungo duenak jarraian aipatzen diren funtzioak izango ditu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 25.3 artikuluan kide anitzeko organoetako idazkariei esleitzen zaizkienez gain:
Bileretako gai-zerrenda prestatu eta bidaltzea.
Batzordeburuaren aginduz, batzordeko bileretarako deiak egitea.
Akta, txosten eta erabakien egiaztagiriak egitea.
Batzordearen dokumentuen sarrera- eta irteera-erregistroa eramatea.
Kide anitzeko organoetako idazkariei dagozkien gainerako funtzioak.
– Idazkari-kargua hutsik badago, betetzen duena kanpoan edo gaixorik badago edo legezko beste edozein arrazoi suertatzen bada, batzordeburuak izendatutako bokal batek edo Kultura Saileko funtzionario batek jardun dezake bere ordez.
Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeko kide guztiei dagokie:
Bileretara joatea eta bertan parte hartzea.
Botoa ematea, horren esanahia adieraztea eta, gehiengoarekin bat ez datozenean, boto partikularra ematea.
Kide anitzeko organo bateko kide izateak dakartzan gainerako eskubide eta betebehar guztiak.
Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeak gutxienez bi ohiko bilkura egingo ditu urtean. Aparteko bilkurak batzordeburuaren ekimenez egingo dira komenigarri jotzen denean.
– Deialdiak batzordeburuaren aginduz egingo dira zazpi egun naturaleko aurrerapenarekin gutxienez. Deialdietan hauek adieraziko dira: bilera zein egun, toki eta ordutan egingo den eta gai-zerrenda.
– Presako bileretan ez da nahitaezkoa izango deialdia aurrerapen horrekin egitea.
Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeko kideek gai-zerrendan punturen bat sartzeko eska diezaiokete batzordeburuari, betiere, behar besteko aurrerapenarekin egiten badute eta proposamenarekin batera azalpen-txosten bat aurkezten bada.
– Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordearen erabakiak bertaratutako kideen gehiengo soilez hartuko dira. Berdinketak batzordeburuaren kalitatezko botoaren bitartez ebatziko dira.
– Botoa zuzenekoa, pertsonala eta eskuordeezina izango da. Botoa sekretua izango da edozein kidek batzordeburuari hala izatea eskatzen dionean.
– Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeko kideek boto partikularra eman ahal izango dute gehiengoaren erabakiaren aurka baina, betiere, bilera amaitu aurretik iragartzen badute.
– Boto partikularrak bilera amaitu eta bost egun naturaleko epean bidali behar zaizkio, idatziz, batzordeko Idazkaritzari. Boto partikular horiek gehiengoaren erabakiaren testuari erantsiko zaizkio.
– Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordearen erabakiak aktan jasoko dira. Akta horretan, hauek ere adieraziko dira:
Bilera zein egun, ordu eta tokitan egin den.
Bertaratuen izen-abizenak eta noren ordez diharduten.
Aztertutako gaiak eta eztabaidatutakoaren eta hartutako erabakien laburpen txiki bat.
– Aktak idazkariak sinatu behar ditu batzordeburuaren oniritziarekin, eta bilera horretan bertan edo hurrengoan aurkeztuko dira onartzeko.
– Bidezko interesa dutela egiaztatzen dutenek idazkariarengana jo dezakete onartutako testuen egiaztagiria egin diezaien.
– Dekretu hau egin eta gauzatzeak eragiten dituen gastuak Kultura Sailaren aurrekontuetatik ordainduko dira.
– Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeko kideei ez zaie ordainsaririk emango. Dena dela, bileretara joateagatik, joan-etorriko dietak eta kalte-ordainak ordainduko zaizkie.
Vitoria-Gasteizen, 2004ko maiatzaren 18an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Kultura sailburua,
MIREN AZKARATE VILLAR.