- 396/2013 DEKRETUA, uztailaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan kanpinak eta beste kanpaketa-turismoko modalitate batzuk arautzeari buruzkoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu396/2013 DEKRETUA, uztailaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan kanpinak eta beste kanpaketa-turismoko modalitate batzuk arautzeari buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 170
- Hurrenkera-zk.: 3845
- Xedapen-zk.: 396
- Xedapen-data: 2013/07/30
- Argitaratze-data: 2013/09/06
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Merkataritza eta turismoa
Testu legala
Euskadi turismorako jomuga iraunkor, kalitatezko, irisgarri, erakargarri eta esperientzia anitzekoa dela garbi dugu eta irudi hori garatzeko eta proiektatzeko beharrezkoa da zenbait jarduera-ildo garatzea. Ildo horien artean nabarmentzekoa da enpresa-ekimenak arautzen dituen araubidea eguneratzeko eta garatzeko premia, araubide hori ikuspegi turistiko berriaren eskakizunetara egokitu behar baita.
Turismoaren gaur egungo eszenatokia egituratzen duten aldagaien artean nabarmentzekoa da, lehenik eta behin, kanpinei buruzko 1981eko araubide goiztiarra, gerora 1989an berritua, gaur egungo egoerara egokitzeko beharra, Turismoa antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legean eta horren ondorengo aldaketetan jasotako xedapenei jarraituz.
Hain zuzen, Turismoa antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legeak Euskadiko turismo-sektorearen antolaketa eta garapenerako oinarriak finkatu zituen, modu bateratuan eta sistematikoan finkatu ere, turismorako establezimenduek ahalik eta lehiakortasun handiena lortzeko eta kalitate handieneko zerbitzua emateko, baina hori horrela izanik ere, printzipio eta helburu horiek ez dute erregelamendu bidezko garapenik izan Euskal Autonomia Erkidegoko kanpinei dagokienean.
Aurreko gabezia hori are nabarmenagoa da gaur egun; izan ere, Turismoa Antolatzeko Legea aldatzeko abenduaren 23ko 16/2008 Legean beste zenbait figura ere agertzen dira jada, hala nola iragaitzazko autokarabanen eta karabanen harrera-eremu bereziak, eta horiek arautzeko araudirik ez dago gaur egun.
Sektorearen beraren bilakaera da gaur egungo turismoaren beste aldagai funtsezkoetako bat. Sektorea nabarmen garatu da urteotan guztiotan eta inguruko lurraldeetako establezimenduen lehiakortasuna areagotu egin da. Bilakaera horretan lagungarri izan dira, batetik, lurralde horietako araubidea, azken 30 urteotan Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dena baino irekiagoa eta malguagoa, eta bestetik, zerbitzuaren kalitateari eta turismoko establezimenduen kudeaketari loturiko eskakizun gero eta handiagoak.
Hoteletan ostatu hartzen duen turismoaren aldean bestelako turismo bat garatu da eta indar hartzen ari da, eta, horrez gain, errepideen garapenak eta ibilgailu prestatuen goraldiak bultzaturik (batez ere autokarabanenak), turismo ibiltaria deritzonaren eskakizuna ere areagotu egin da, eta, horren guztiaren ondorioz, gero eta beharrezkoagoa da turismo mota horretarako establezimendu egokiak izatea, baita lehendik daudenak egokitzea ere. Kanpinak eta autokarabanan bidaiatzea turismoa egiteko eta aisialdirako beste aukera bat dira eta nabarmen hazi dira azken hamarkadetan.
Horregatik, turismo-jarduera gora doan askotariko eskari horretara egokitzeko, komeni da araudia berritzea, eta ez soilik kanpinei dagokienez, baita, oro har, kanpaketako turismo modalitate guztiekin bat egingo duten hainbat establezimenduri dagokienez ere, modalitate horiek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoaren turismo-eskaintzaren egituran integratu ahal izateko, eta, araututako turismo-jarduera izateaz gain, benetako turismo-baliabide bihurtzeko.
Bada beste aldagai nabarmen bat ere: Turismoa antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legean turismo-establezimendu horiek arautzeko jasotzen den araubidearen garapenera egokitu beharra dago araua; izan ere, lege horrek erantzukizunpeko adierazpenaren araubidea ezartzen du jarduerari ekin aurreko baldintzen artean, besteak beste, zerbitzua ematen dutenen establezimendu askatasuna eta zerbitzuen zirkulazio askea bideratzeko.
Aipatutako testuinguruan, Dekretu hau hotelez kanpoko turismo-ostatuko eskaintza honen lehiakortasunari mesede egiteko eta bultzada emateko sortu da. Hala, Dekretuak, sei titulutan egituratuta, hainbat xedapen gehitzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko kanpinek oinarrizko zer ezaugarri bete behar dituzten zehazteko, sektoreko enpresa-ekimena behar beste sustatzeko eta erabiltzaileei ematen dizkieten zerbitzuen kopuru eta kalitatearen estandar egokia bermatzeko. Ere berean, gizartean indarrean diren balio berriak islatzeko aurreikuspenak txertatu dira Dekretuan, hala nola garapen iraunkorrari edo irisgarritasunaren sustapenari buruzko balioak, aurreko araudian behar bezala ageri ez ziren alderdiak.
Hori lortzeko, kanpinen euskal sarearen lehiakide nagusien kalitate-estandarrekin parekatzea izan da helburua, zerbitzu osagarrien eskaintza erraztuz eta daudenen kalitatea hobetuz. Hori guztia instalazioen segurtasuna ahaztu gabe, alderdi funtsezkoa baita segurtasuna. Hala, zorroztu egin da eskakizun hori eta eguneratu egin da aurreko araudia, zenbait alderdi ez baitziren kontuan hartzen.
Halaber, elementu edo aterpetxe finkoen instalazioa arautu da: zein eta zer baldintzatan dauden baimenduta zehaztu da, baita haien jabetza-araubidea ere; partzelen mugatzea malgutu da haien okupazioa errazteko; eta establezimendu mota horiek eskaintza osa dezaketen turismoko beste establezimendu batzuekin batera ustiatzea baimendu da, haien arteko erlazioa araututa. Beste alde batetik, beste esanahi bat eman zaio Administrazioak alderdi jakin batzuetan duen esku-hartzeari, adibidez alderdi hauetan: prezioak, denboraldi-aldaketak, barne araubiderako araudia, etab., dela alferrikako tramiteak baztertuz, dela derrigorrezko aldez aurretiko baimenaren ordez jakinarazpen sinple bat ezarriz. Horren guztiaren helburua da establezimendu mota horien ustiaketa eta kudeaketa malguagoa egitea, merkatuaren baldintzetara hobeto egokitzeko eta erabiltzaileei eta operadoreei mesede egiteko.
Azkenik, dagoen prozedura doitu egin da errazagoa eta sinpleagoa izan dadin. Hala, esate baterako, orain arte indarrean egon den baimenen araubidearen ordez erantzukizunpeko adierazpenaren araubidea ezarri da, eta alderdi jakin batzuk arautu dira, hala nola administrazio-isiltasunaren ondorioak lekapenen kasuan, etab.
tituluak («Xedapen Orokorrak») Dekretu honen xedea eta aplikazio-eremua eta kanpaketa turismorako turismo-establezimendu motak definitzen ditu, eta horien guztien ezaugarri nagusi komunak arautzen ditu.
titulua, luzeena, kanpinei buruzkoa da oso-osorik, eta bederatzi kapitulutan egituratuta dago. Horietan guztietan kanpinei loturiko alderdi hauek arautu dira oso-osorik: egiturazko baldintzak, segurtasunari loturikoak, zerbitzuei buruzkoak, gutxieneko azpiegiturak, kategoriak, funtzionamendu-araubidea eta establezimendu horien prezioak. Orobat, erabiltzaile eta operadoreen eskubideak eta betebeharrak ere arautu dira, bai eta jarduera arautzeko aurreikusi den erantzukizunpeko adierazpenaren araubidea ere. Halaber, plazaren kontzeptua pertsonaren kontzeptua bezala erabili da.
Ondoren, III. tituluan («Kanpaketa-eremuak») berez kanpinaren alternatiboa den establezimenduak arautu dira, kanpaketa-eremu naturalak, hain zuzen. Horiek, hein batean, landa-inguruneetako kanpinak ordezten dituzte eta naturarekin harreman zuzenagoa daukan turismoa eskaintzen dute.
tituluak gure antolamenduan oso berria den figura txertatu du, turismo-sektore garrantzitsu batek autokarabanistenak behin eta berriro eskatutakoa. Iragaitzazko autokarabana eta karabanen harrerarako eremu bereziena, hain zuzen. Izan ere, gero eta indar handiagoa hartzen ari da turismo-eredu hori, eta eskakizun horri erantzutea da eremu horien xedea. Titulu honetan osorik arautzen da gune horien antolamendua.
tituluan Kanpaketa librea arautu da. Kanpaketa-turismoaren aitzindaria da kanpatzeko modu hori eta Dekretu honek indargabetzen duen aurrekoan arauturik zegoen. Mota horretako jarduera kontrolik gabe egiteak ingurunean izan dezakeen eragina aintzat hartuta eta jarduera hori segurtasunari, lurzoruaren jabetza eta erabileraren errespetuari eta natur ingurunearen eta balio historiko eta monumentalen kontserbazioari buruzko gutxieneko baldintza batzuekin iraunaraztea oso zaila dela kontuan izanda, kanpaketa librea orokorrean debekatzea erabaki da. Hala, kanpaketa librea zehazki definitzen da titulu horretan, Autonomia Erkidegoko naturgune babestuei buruzko berariazko arauditik eratorritako araubide partikularrei kalterik egin gabe.
titulua ikuskapenari buruzkoa da.
Bestalde, xedapen gehigarriek beste administrazio batzuekin lankidetza-harremanak eratzeko aukera aurreikusten dute, baita prozeduretan erabili beharreko eredu ofizialak non dauden ere, eredu horiek modu elektronikoan nahiz ez-elektronikoan kudeatzeko.
Azkenik, kanpinak arautzeko araudi honen xedapen indargabetzaileen ondoren, araubide iragankor bat ezartzen da, funtsean lehendik dauden kanpin eta kanpaketa berezien egoera arautzeko eta Turismo Enpresen Erregistroan inskribatutako turismo-kanpalekuak araudi berriaren eskakizunetara egokitzeko. Horretarako, epe jakin batzuk izango dira, eragindako aldaketen garrantzia eta aldaketa horien bideragarritasuna kontuan hartuta.
Horrenbestez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko uztailaren 30ean egindako bileran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean kanpaketa-turismoko modalitate hauek arautzea: kanpinak, kanpaketa-eremuak eta iragaitzazko autokarabana eta karabanen harrerarako eremu bereziak.
Dekretu honen aplikaziotik kanpo eta beren araubide bereziaren pean geratzen dira honako hauek:
Turismorako kanpaleku pribatuak, soilik horien erakunde edo elkarte titularreko bazkideek erabiltzekoak direnak.
Irabazi asmorik gabe talde bereziei aterpea eskaintzen dieten kanpalekuak, hala nola gazteen kanpalekuak, eskola-umeen oporretarako aterpetxeak eta udalekuak eta antzeko beste batzuk.
Autokarabanen eta karabanen geldialdia eta aparkalekua errepide, autopista, hiribide eta aparkalekuetan horretarako egokitutako guneetan. Autokarabana hiriko edo hiriarteko bide publikoetan baimendutako guneetan geldi edo aparkatuta badago, trafikoko eta zirkulazioko arauak betez, ez badago bere perimetroa gainditzen edo zabaltzen ibilgailuaren elementuak aldatuz edo zabalduz (leihoak eta toldoak, adibidez), gurpilen gainean baldin badago altxagarririk erabili gabe eta ez badu ez hondakinik ez bestelakorik isurtzen bidera, autokarabana hori ez dagoela kanpatuta ulertuko da.
Kultura, aisialdi edo kiroletako ekitaldien harira egiten diren kanpaketak, haien funtzionamendua ekitaldi horien iraupenera mugaturik baldin badago.
Hartzaileen edo hirugarrenen osasunerako, segurtasun fisikorako eta ondasunentzako arrisku zuzen eta zehatza dagoenez, Dekretu honetan araututako establezimendu guztiek erantzukizun zibileko aseguru eguneratua eduki behar dute, funtzionamenduaren ohiko arrisku bermatuko dituena.
Establezimendu bakoitzak erantzukizun zibileko poliza bat kontratatu eta eduki behar du indarrean, gutxienez seiehun mila (600.000) euroko estaldura eskainiko duena ezbehar bakoitzeko.
Aurreko paragrafoan ezarritakoa zerbitzuen eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legearen 21.2 artikuluan ezarritakoa aparte utzi gabe ulertzen da.
Turismo-arloan eskumena duen saileko titularraren aginduz eguneratuko dira gutxieneko zenbatekoak.
Dekretu honetan araututako establezimendu eta instalazioak irekita daude jendearentzat, eta prezio bidez bitartez eskaintzen zaizkie erabiltzaileei. Horretarako muga bakarrak hauek dira: izaeraren eta plaza kopuruaren ondoriozko sortutakoak, indarrean diren legeetan ezarritakoa bete beharra eta, halakorik bada, establezimenduaren barne araubideko arauetan ezarritakoak bete beharra; hau da, establezimendu bakoitzeko zuzendaritzak zerbitzu eta instalazioen erabilerari buruz zuzenbidearen arabera ezarritako arauak, beti ere arau horiek bezeroen eskubideen kalterako ez badira eta ikusteko moduan erakutsita badaude.
Establezimenduen barne funtzionamendurako eta erabiltzaileen bizikidetzarako arauak eta instalazioak erabiltzeko baldintzak, establezimenduen zuzendaritzak onesten duen barne araubideko araudian ezartzen dira. Araudi horrek bat etorri behar du Dekretu honetan eta aplika daitezkeen gainerako arauetan ezarrita dagoenarekin. Hain zuzen ere, establezimenduetako langileek zein erabiltzaileek nahitaez bete behar dute araudi hori.
Turismoa antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 19. artikuluaren arabera, hauek dira kanpinak: behar den bezala zedarriturik eta aldi batean erabiltzeko hornituta eta egokituta egon, oporretako edo aisialdiko bizimodua aire librean egin nahi duten hamar pertsonatik gorako edukiera izan eta egoitzatzat aterpe mugikorrak eta finkoak dituzten turismo-establezimenduak. Orobat, Dekretu honetan ezarritako baldintzak ere bete behar dituzte establezimendu horiek.
Kanpinen enpresa titularrek lagundu egin behar dute bezeroen artean ingurumenari eta turismoari buruzko informazioa, sentsibilizazioa eta hezkuntza zabaltzen eta ematen.
Kanpinak lurzoruaren sailkapen eta kalifikazio urbanistikoaren arabera baimenduta dauden lekuetan baino ezin dira jarri, eta honako araudi hauetako xedapenak errespetatuz beti ere: lurraldearen antolamendurako araudia, pertsonen segurtasunari loturikoa, natura zaintzeko eta ingurumena babesteko araudia, ondare kultural historiko eta artistikoa babestekoa eta aplikatzekoak diren gainerakoak.
Kanpinak ezin dira, inolaz ere, leku hauetan ezarri:
Hiri lurzoru edo urbanizagarri sektorizatu moduan sailkatutako lurzoruetan, Lurzoruari buruzko Legean, Antolamenduko Plan Orokorretan edo Antolamenduko Arau Subsidiarioetan jasotako kalifikazioaren arabera, baldin eta erabilera hori berariaz debekatuta badago indarrean diren planetan.
Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legeak, Ondare Naturalari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak edota aplikazio bereziko beste edozein legezko xedapen edo arauk erabilera hori debekatzen duen lursailetan.
Ibaien uharretan eta ibai-ohe lehorretan dauden lurretan eta euri-jasen edo ibaien ur-goraldien ondorioz uholdeak jasan ditzaketen lurretan, berriro gertatzeko dagozkien aldiak kontuan hartuta, baita beste edozein arrazoi dela-eta Administrazioak osasungaitz edo arriskutsutzat jotzen dituen lurretan ere.
Sektoreko edozein araudik lege edo arau bidez ezarritako zortasun-eremuek edo segurtasuneko distantziek eragindako lursailetan, baldin eta horrek elementu egonkorrak instalatzea, eraikitzea edota jendea bizi den herriguneetatik oso hurbil izatea debekatzen badu, eta, bereziki, honako hauek aintzat hartuta paragrafo honetan jaso ez direnak aparte utzi gabe: kostaldeak, aintzirak, ibaiak, itsasadarrak, urtegiak, lakuak edo herritarren kontsumorako ur-hartuneak; eraikinak, hiriguneak edo landa-inguruneak eta paraje bitxiak eta monumentu historiko-artistikoak, jada izendatuak edo izendatzeko bidean direnak; aztarnategi arkeologikoak; aire-nabigaziorako, errepidetarako edo trenbidetarako zortasunak; argindar-instalazioak eta lineak, eta hidrokarburuoen instalazioak, biltegiak eta hornidura-, banaketa eta garraio-sareak.
Erabiltzaileek gehienez ere 11 hilabetez egon ahal dira kanpin batean urte natural bakoitzean. Epe hori agortzen dutenek kanpinetik irten beharko dute, eta kanpin horretan bertan partzela bat okupatzeko kontratu berririk ezingo dute egin aurreko kontratua iraungitzen denetik hilabete oso bat igarotzen den arte. Kanpinean atal honetan adierazi dena baino denbora luzeagoan geratzea egoitzatzat hartzen da, eta era beran, arau-hauste larritzat ere bai. Hain zuzen, 66.q) artikuluan dago tipifikaturik arau-hauste hori.
Kanpatzeko eremua hainbat gune berezitutan banaturik dago; gure horiek behar bezala bereizita eta identifikatuta daude. Hauek dira:
Aterpe mugikorrentzako partzelak:
Partzela horietako gehieneko plaza kopurua kanpineko plaza guztien % 40 da; guztira zenbat plaza diren zenbatzeko, pertsona batek plaza bat hartzen duela ulertuko da.
Partzela horietan gehienez ere hilabete egon ahal izango dute erabiltzaileek.
Erabili beharreko aterpeak mugikorrak izango dira.
Erabiltzaileak izango dira partzela mota horietako aterpeen titularrak; nolanahi dela ere, kanpinaren titularraren jabetzakoak ere izan daitezke kanpin-dendak, edo haren esku egon daitezke beste edozein tituluren bidez.
Era guztietako aterpeetara bideratutako partzelak:
Partzela horietan gehieneko plaza kopurua kanpineko plaza guztien % 60 izango da.
Partzela horietan gehienez ere hamaika hilabete egon ahal izango dute erabiltzaileek.
Erabili beharreko aterpeak mugikorrak edo finkoak izan daitezke.
Kanpinaren titularra izango da aterpe finkoen jabea, eta aterpe mugikorrena, berriz, erabiltzaileak nahiz kanpinaren titularra izan daitezke.
Aterpe mugikortzat hartuko dira honako hauek: kanpin-dendak; karabanak, autokarabanak, etxe mugikorrak eta gurdi-dendak, beti ere haien gurpilak erabiltzeko egoera onean badaude eta atoian erraz eramateko modukoak badira.
Aterpe finkotzat hartuko dira honako hauek: egurrez aurrefabrikatutako eraikinak edo antzeko eraikuntzak, hala nola bungalowak, establezimenduaren titularraren jabetzakoak, edo beste edozein tituluren bidez haren esku daudenak, beti ere baldintza hauek betetzen badituzte:
Bere horretan, edo, indarrean den araudiari jarraituz, automobil baten gaitasuna edo txikiagoa duen ibilgailu baten bidez garraiatzeko modukoak ez izatea.
Zimendurik ez izatea, edo lurpeko zimendurik gabeko oinarria besterik ez izatea, eta partzelan modu egonkorrean finkaturik ez egotea.
Aterpe finkoak argi eta garbi bereizitako eremuetan kokatuta egotea.
Aterpe mugikorrek aterpe finkoen tratamendu bera izango dute, baldin eta artikulu honetan zehaztutakoa betetzen ez badute.
Kanpinen erabiltzaileek debekatuta dute elementu finkoak ezartzea, hala nola itxiturak, zoladurak, mahaiak, bankuak, harraskak, etxetresna elektrikoak, sukaldeak, barbakoak, parrillak, arroparentzako esekitoki finkoak, kutxak, argiztapeneko gailu finkoak eta argindar-lineak, landareak eta bestelako elementu apaingarri guztiak.
Debeku horrek ez dio eragiten aterpearen luzapenenak instalatzeari, beti ere luzapen horiek kanpoko elementuen bidez sendotzen ez badira edo aterpeen berezko mugikortasuna aldatzen ez bada, eta horrela, partzelaren okupazio-mugak gainditzen ez badira.
Kanpinaren barne-araudian eta ostatu hartzeko kontratuaren baldintzetan jaso behar da debeku hori ez betetzeak ekar ditzakeen ondorioak. Debekua ez betetzea nahikoa arrazoi izango da kontratu hori bertan behera uzteko, inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe. Arau-haustea, elementu finkoak ezartzea alegia, larritzat hartzen da Legean, eta bertan aurreikusitako erantzukizunak sortuko dira urraketa horren ondorioz.
Debekatua dago kanpineko partzelak eta aterpe finkoak banaka saltzea edo azpierrentan ematea, baita kanpineko partzela jakinen eta aterpe finkoen gaineko era guztietako tituluak, akzioak edo partaidetzak saltzea eta azpierrentan ematea ere, baldin eta aipatutako lursaila kanpinaren barnean badago edota ustiapenaren parte bada.
Debeku hori ez betetzea arau-hauste larria da eta Turismoa antolatzeko martxoaren 16ko 6/994 Legearen eta Dekretu honen VI. tituluaren V. kapituluan aurreikusitakoaren arabera zigorturik dago.
Kanpatutako pertsonen erabilera kolektiborako eraikinek modu harmonikoan integratu behar dute ingurunean, eta dagokien sektoreko araudia nahiz udal araudia errespetatu behar dituzte.
Kanpinen ustiaketa bateragarria da karabanak, autokarabanak eta etxe mugikorrak zaintzeko zerbitzua ematearekin.
Karabanak, autokarabanak eta etxe mugikorrak ezin dira okupatu zaintzapean dauden bitartean.
Titulu honetan xedatutakoari kalterik egin gabe, kanpinen titularrek eskumena dute, modu osagarrian, beste zenbait establezimendu ustiatzeko: kirol-instalazioak, aisialdikoak edo ostatu ematekoak, esaterako. Establezimendu horiek aparteko sarbidea izan behar dute kanpinaren kanpoaldetik. Establezimendu gehigarri horiek aplikatzekoak diren araudi berezien arabera arautuko dira, halakorik baldin badago.
Era berean, iragaitzazko autokarabanak eta karabanak hartzeko gune erantsi bereziak izan ditzakete kanpinek, eta harrera-leku beraren bidez eman diezaiekete zerbitzua eremu horiei. Gune horiek Dekretu honen IV. tituluan zehaztutako baldintzak bete behar dituzte, beti ere. Zerbitzu eta azpiegitura berak erabiliz gero, Dekretu honetan bientzat ezarritako gutxieneko baldintzak errespetatuko dituzte bi-biek. Bigarren paragrafo horretan zehaztutakoaren arabera, kanpina eta iragaitzazko ibilgailuen harrera-eremua batera ustiatzen diren kasuetan, kanpinak eta iragaitzazko autokarabana eta karabanen harrera-eremu bereziak elkarrekin partekatuko dute erantzukizun zibileko poliza kontratatzeko eta indarrean edukitzeko betebeharra (3.2 artikuluan adierazia), seiehun mila euroko gutxieneko estaldura bakarrarekin ezbehar bakoitzeko.
Kanpinek, kategoriaren arabera, Dekretu honetan zehaztutako instalazioak eta zerbitzuak izan behar dituzte, eta erabiltzaile mota askotarikoei ostatu emateko egokituta egon behar dute, irisgarritasun, erosotasun eta iraunkortasun aldetik baldintza egokietan, tokian tokiko edo lurralde jakin horretako natura, historia, kultura, hirigintza, arte, paisaia, nekazaritza, basogintza eta faunaren balioak zaintzeko eta babesteko.
Era berean, garbiketa-zerbitzu eraginkorra izan behar dute, higiene-maila egokia ziurtatzeko.
Kanpinek itxita egon behar dute perimetro osoan, haietara nahieran sartzeko modurik izan ez dadin, 76. artikuluan jasotako salbuespenean eta istripu naturalek itxitura artifiziala alferreko egiten duten kasuetan izan ezik.
Kasu guztietan, ingurunean modu harmonikoan integra daitezkeen materialak erabiliko dira hesietan eta itxituretan.
Kanpinek ezin dute baimendu, inolaz ere, hesietan publizitatea jartzea.
Kanpaketa-guneak ez du gainditu behar kanpinaren azaleraren % 75. Gainerako % 25ean barneko bideak, berdeguneak, kirol-eremuak eta guztiek erabiltzeko beste zerbitzuak egokituko dira.
Kanpaketa-eremua ondo mugatutako partzeletan banatuta egongo da, kanpinaren kategoriaren arabera. Horretarako, partzela bakoitzak identifikatzeko kode bat izango du esleituta eta kode hori behar bezala seinaleztatuta egongo da.
Partzelak behar bezala zelaituta eta sasiz eta sastrakez garbi eduki behar dira eta haien zorua ezin da, inoiz, hormigoizkoa edo asfaltozkoa izan, ibilgailuentzako bide eta eremuetan izan ezik.
Orografia malkartsua bada eta, horren ondorioz, ezin bada partzeletan aparkatu, aparkatzeko plaza bat eskaini behar da hurbilko leku batean, dagokion partzelaren zenbaki berarekin. Kasu horietan, 35. artikuluan kategoria bakoitzerako aurreikusten den azalera baino % 15 txikiagoa izan daiteke partzela horiena.
Erabiltzaileekin egindako kontratuak beti partzela bat edo gehiagori buruzkoak izango dira. Kanpinaren partzelazioa establezimendua martxan jarri aurretik egin behar da eta, aldaketaren bat egitekotan, derrigorrez jakinaren gainean jarri behar da Turismo arloko administrazioa, Dekretu honen II. tituluaren IX. kapituluan zehaztutako prozedurari jarraituz.
Kanpinen gutxieneko ostatu-edukiera hamaika plaza edo pertsonentzakoa da.
Kanpinaren gehieneko edukiera Euskal Autonomia Erkidegoko Turismo Enpresen Erregistroan adierazitakoa izango da, eta kontuan hartuko da kanpinak zenbat partzela dituen eta kategoriaren arabera 35. artikuluan zehaztutako partzelaren azalera/pertsona erlazioa zenbatekoa den.
Aterpe mugikorrentzako partzeletan, eta zehazki horietan, salbuespen gisa, % 50eko gorabeherak gertatu ahal izango dira haietan dauden pertsonen gehieneko kopuruan, beti ere aitortutako gehieneko edukiera gainditzen ez bada. Aurreko ehunekoa kalkulatzeko, lehen zenbaki hamartarra hartu behar da kontuan eta biribiltzeko prozedura hau aplikatu: zatikia bost (5) baino txikiagoa bada, berdin eutsiko zaio balioari eta ezabatu egingo da hamartarra; eta zatikia bost (5) edo handiagoa bada, goragoko hurrengo unitatera doituko da balioa.
Kanpinen titularrek, Dekretu honetan xedatutakoak ez ezik, beste hainbat araudi eta xedapen ere bete behar dituzte, besteak beste, esparru hauetan indarrean diren xedapenetarik eratorritakoak: irisgarritasuna, eraikuntza eta eraikinak, instalazio eta makinen funtzionamendua, osasun arloa, instalazioen segurtasuna, larrialdien aurreko autobabes-neurriak, suteei aurre egiteko sistemak, hornidura, uren arazketa, ingurumena, segurtasun publikoa, baita kanpinen jardunean eragina duten sektoreko beste xedapen oro ere.
Turismo-arloan eskumena duen organoak, dauden zirkunstantzia guztiak haztatuta eta aurretiko txosten teknikoa egin ostean, Dekretu honen II. tituluko II., III. eta IV. kapituluetan eta Dekretu beraren 64., 73., 74. eta 76. artikuluetan ezarritako gutxieneko betekizun eta baldintzetako batetik edo batzuetatik dispentsatu ahal izango du kanpina, salbuespen gisa, eta behar bezala arrazoituta.
Horrelako dispentsak orekatu egin beharko dira, beste konpentsazio-faktore batzuk dauden ala ez aintzat hartuta; besteak beste, honako faktore hauek: taldearen edo kategoriaren arabera egokituko litzaiekeen zerbitzu osagarrien edo baldintza gehigarrien eskaintza; eta beren instalazio eta zerbitzuen edo egin ditzakeen hobekuntzen balioespen bateratua.
Nolanahi ere, dispentsak establezimenduaren segurtasun-elementuetan eraginik izan dezakeenean, bestelako konponbide alternatiboak ezarri beharko dira kanpinaren segurtasuna bermatzeko, eta hala jaso behar dute langile fakultatiboek. Era berean, dispentsak ezin izango du eraginik izan betetzen ez badira emandako zerbitzuen kalitatean funtsezko galeraren bat dakarten edota establezimenduaren sailkapenaren inguruko nahasterik eragin dezaketen bestelako baldintzetan.
Dispentsa-eskakizuna turismo-arloan eskumena duen organoari eskatu beharko zaio, arau honen bigarren xedapen gehigarrian ezarritako lekuetan eskuragarri dagoen eredu ofizialari jarraiki, eta erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu aurretik. Dispentsa eskatzeko, dispentsa hori justifikatuko duten dokumentuak gaineratu beharko zaizkio eskaera-idazkiari.
Turismo-arloan eskumena duen organoak hiru hilabeteko epean ebatzi eta jakinarazi beharko du dispentsari buruzko Ebazpena. Epe hori eskaera aurkezten denetik hasita zenbatzen da, kasuan kasu, behar bezala konponduta eta azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42.5 artikuluan prozedurak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko legez ezarritako gehieneko epea eten ahal izango den kasuei buruz ezarritakoa aparte utzi gabe.
Horretarako ezarritako epean, turismo-arloan eskumena duen organoak ez badu esanbidezko ebazpena jakinarazten, interesdunek ulertu behar dute beren dispentsa-eskaerak administrazio isiltasunaren bidez baietsi direla.
Edateko urak indarrean den legedia bete behar du, bai kalitateari dagokionean eta bai egin beharreko kontrolei dagokienean ere.
Giza kontsumorako egokia ez den ura erabiliz gero, besteak beste ureztatzeko, garbiketa zerbitzuetarako eta edangarria izatea beharrezkoa ez den beste xede batzuetarako, behar bezala adieraziko da puntu horietako ura ez dela edangarria, nazioartean erabili ohi den «ez edangarria» ikurraren bidez seinaleztatuta.
Marrazki edo piktograma horrez gain hitzez ere adierazten bada ura ez dela edangarria, gutxienez euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egin beharko da oharra, eta, kanpin jakin bakoitzeko eskariaren eta bezeroen arabera, beste hizkuntza batzuetan ere egin ahal izango da.
Hondakin-urak behar besteko berme teknikoekin ebakuatu behar dira, turismo kanpalekuaren beraren barneko estolderia-sarearen bidez.
Hondakin-urak ebakuatzeko sare publikoa dagoenean, hari lotu behar zaio kanpinaren sarea. Gainerakoan, ez dago baimenduta urak isurtzea aldez aurretik araztu gabe; era berean, legedia zehatzean horretarako ezarritako baldintzetan araztu behar da ura.
Autokarabanak, karabanak eta etxe mugikorrak jartzea baimentzen duten kanpinek instalazio bereziak izan behar dituzte haien hondakinak isurtzeko, halaxe agintzen baitu sektoreko araudiak, eta instalazio horiek behar bezala seinaleztatuta eta kokatuta egon behar dute haietara iritsi ahal izateko.
Kanpinaren titularrak tokiko erakundearen esku utziko ditu jardueran sortutako etxeko eta merkataritzako hondakinak, dagokion udal ordenantzan zehaztutako moduan utzi ere; era berean, hondakinak zuzen bereizita biltzeko beharrezkoak diren baliabide eta bitartekoak eduki behar ditu kanpinaren barnean. Baliabide horiek, behar bezala identifikatuak, bat etorriko dira tokiko erakundeak kanpina dagoen lurralde-esparruan ezarritako bilketa motarekin.
Eguneroko entrega aurreikusten ez bada, kanpinaren titularrak egunero bilduko direla eta biltegiratze higienikoa egingo dela bermatu beharko du. Horri dagokionez, udal agintariek ezartzen dituzten baldintzak bete beharko dituzte kanpinek, geroko kudeaketa bermatu ahal izateko.
Turismoko kanpaleku guztiek prebentzio, babes eta segurtasunaren arloan behar diren neurriak eta instalazioak eduki behar dituzte, suterik, uholderik edota bestelako larrialdirik gertatuz gero horiei aurre egiteko. Arlo horretan indarrean den araudiaren arabera, kanpinaren instalazio eta edukieraren araberakoak izango dira neurri eta instalazio horiek.
Kanpinean zerbitzua ematen duten langile guztiek prestakuntza egokia izan behar dute autobabeseko neurrietan eta larrialdi-egoerarik gertatuz gero hartu beharrekoetan.
Kanpin guztiek harrera-gune bat izan behar dute establezimenduaren sarreratik hurbil. Administrazio, laguntza eta informazio aldetik erabiltzaileekin harremana izateko gunea izango da harrera hori eta pertsona trebatuak ariko dira bertan lanean.
Kanpinaren edukiera eta kategoriaren araberakoa izango da harrerako bulego horren azalera, eta bertako langileen arreta behar bezalakoa izango da. Dekretu honen 47. artikuluan harrerako langileei esleitutako eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren bitartekoak eta baliabideak egongo dira bulego horretan.
Harrerako bulego horretan ezinbestean eduki behar dituzte honako elementu hauek: erreklamazio-orri ofizialak, barne-araubiderako erregelamenduaren kopia eta informazio-panel bat hurrengo artikuluan adierazitako edukiarekin.
Harrera-gunean informazio-panel bat egongo da, ikusteko moduko lekuan eta erraz irakurtzeko moduan. Honako informazio hau adieraziko da bertan:
Establezimenduaren izena, kategoria, gehieneko edukiera eta zer denboralditan dagoen irekita, hori guztia eredu ofizial batean jasota.
Zerbitzuen eta ostatu mota bakoitzaren prezioen zerrenda, eredu ofizialaren arabera.
Barne-araubiderako erregelamenduaren kopia bat bezeroen eskueran dagoela iragarriko duen oharra.
Erreklamazio-orri ofizialak bezeroen esku daudela iragarriko duen oharra.
Larrialdiko zerbitzuen, babes zibilaren, udaltzaingoaren, Ertzaintzaren, hurbileko osasun zentroen helbideak eta telefonoak, garraiobideen ordutegia eta antzekoak.
Kanpinaren plano orokor bat. Planoan, honako hauek adieraziko dira zehaztasunez: instalazio eta zerbitzu guztien kokapena, kanpaketa-eremuaren azalera, partzela zenbakidunak eta haien edukiera zehaztuta, eta larrialdi kasuetarako bilguneen kokapena, larrialdiko irteerena, su-itzalgailuena, produktu sukoiak biltzeko lekuena, halakorik balego, eta oro har suteen aurka babesteko baliabide guztien kokapena.
Plano horrek nazioartean erabili ohi diren ikurrak erabili behar ditu, eta aukerakoa da artikulu honetan adierazitako hizkuntzak erabiltzea.
Panel hori eta panelarekin loturiko agiriak gutxienez euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez idatzita egon behar dira, eta, kanpin jakin bakoitzeko eskariaren eta bezeroen arabera, beste hizkuntza batzuetan ere idatzi ahal izango dira.
Derrigorrezkoa da kanpinean lehen sorospenerako eta sendaketetarako gela bat izatea, behar bezala seinaleztatuta nazioartean erabili ohi den ikur konbentzionalaren bidez. Marrazki edo piktograma horrez gain seinaleztapena hitzezkoa ere bada, gutxienez euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egin beharko da, eta, kanpin jakin bakoitzeko eskariaren eta bezeroen arabera, beste hizkuntza batzuetan ere egin ahal izango da.
Sendaketetarako eta lehen sorospenerako gela horretan osasun-material egokia eta nahikoa izango da osasun-zerbitzuak etorri arte larrialdi ohikoenak artatzeko.
Kanpinak objektu baliotsuak zaintzeko zerbitzua eduki behar du. Zerbitzu hori irekita egon behar da harrera-gunearen ordutegian.
Instalazioek behar den tentsio baxuko argindar-hargunea izango dute; hargune horien potentzia ez da izango 5 amperetik beherakoa partzela eta eguneko. Ondorio horietarako ez da kontuan hartuko larrialdiko argiak elikatzeko sistema autonomoa.
Kanpinak argiztapenerako bere sistema izango du; egunean 5 ordutik gora jarraian piztuta egongo da sistema hori. Horien bidez argiztatuko dira honako gune hauek: sarbide nagusiak, segurtasuneko eremuak eta larrialdiko irteerak, harrera-gunea, garbiketako zerbitzuguneetako sarrerak eta kanpinaren barnean batera eta bestera ibiltzea errazten duten leku estrategiko guztiak.
Barneko banaketa-sareak lurpekoa eta babestua izan behar du.
Argiztapen-sistema doitu egin behar da argitasun egokia lortzeko, eta, modu horretara, pertsonen segurtasuna bermatzeko, erabiltzaileen atsedena ziurtatzeko eta prozesu naturaletan arrazoizko neurritik gora argi-kutsadurarik ez eragiteko.
Kanpin-establezimenduek garbiketa-zerbitzuen blokeak izan behar dituzte beren perimetroaren barnean, behar bezala banatuta eta kanpinaren kategoriak eskatzen duen bezain beste. Hala, kanpineko partzela bakar batek ere ezin du 200 metro baino urrunago geratu zerbitzu horien bloke batetik.
Gizonezkoen eta emakumezkoen zerbitzuak bereizita egon behar dira. Era berean, zerbitzuen bloke bakoitzaren barnean, komunak bereizita egongo dira dutxa eta konketetatik.
Zerbitzuen instalazioek behar adinako aireztapena eta argiztapena izan behar dute.
Instalazio horietako zoruen eta hormen estaldura erraz garbitzeko moduko materialekin egina izango da. Dekretuaren 13. artikuluan xedatutakoa betez, higiene-zerbitzuak garbitasun eta higiene-maila egokietan mantendu behar dira uneoro.
Kanpineko sarreratik kanpaketa-eremurako sarbideak behar bezala asfaltatuta egon behar du eta bost metroko zabalera izan behar du gutxienez, ibilgailuek bi norabideetan zirkulatzeko modua izan dezaten.
Kanpinek behar beste bide eta behar bezain luzeak izan behar dituzte barnean, suteak itzaltzeko ibilgailuek eta ekipoek zirkulatzeko aukera izan dezaten, eta larrialdirik gertatuz gero ebakuazioa behar bezala egiteko modua izan dadin.
Kanpinek ibilgailuak aparkatzeko eremu bat izan behar dute kanpaketa-eremutik kanpo, 15. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.
Kanpinek errepideetan eta establezimenduaren instalazioetatik hurbileko bideetan jarritako seinaleak normalizatuak eta trafiko-arloan indarrean den legediaren araberakoak izango dira.
Kanpinaren barnean, zerbitzu eta instalazioen seinaleez gain, gutxienez ibilgailuen gehieneko abiaduraz, bideen norabideaz eta larrialdiko irteeren eta su-itzalgailuen kokalekuez ohartarazteko seinaleak instalatu beharko dira.
Kanpin guztiek azalera osoaren % 7 gorde behar dute berdeguneetarako; gune horiek ezingo dira erabili ez kanpaketarako eta ez ibilgailuak aparkatzeko.
Aire libreko aisialdiko guneak berdegunetzat hartu ahal izango dira, non eta ez diren gutxieneko baldintza sailkapen jakin bat lortu ahal izateko.
Dituzten instalazioen eta zerbitzuen arabera, kanpinak lau kategoriatan sailkatzen dira: luxuzkoak, lau kanpin-dendaz adieraziak; 1. kategoriakoak, hiru kanpin-dendaz adieraziak; 2. kategoriakoak, 2 kanpin-dendaz adieraziak; eta 3. kategoriakoak, kanpin-denda batez adieraziak (?).
Kanpinen sailkapena, aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren arabera, indarrean izango da kategoria horiek finkatzeko baldintzak aldatzen ez diren artean. Kategorizazio hori berrikusi ahal izango da, ofizioz edo parte interesatuak hala eskatuta, sailkapenean eragina izan dezakeen aldaketaren bat gertatu bada.
Ondorengo taula hauetan adierazten dira kategoria bakoitzak bete beharreko gutxieneko baldintzak. Hain zuzen, horiek betetzen dituzten ala ez kontuan hartuta egiten da kanpinen sailkapena.
Instalazioak kanpaketa-eremuan.
(Ikus .PDF)
(1) Kalkulu hori egiteko aintzat hartuko da aterpearen edukiera; hau da, partzelan jarritako kanpin-dendarena, karabanarena, etab., kontsiderazio hauen arabera:
Aterpe finkoen kasuan, fabrikatzaileak zehaztutako gehieneko edukiera izango da, eta kasu guztietan, gehienez ere 8 plaza aterpe finko bakoitzeko.
Etxe mugikorrak, karabanak eta antzekoak jarriz gero, fabrikatzaileak zehaztutako edukiera izango da, eta tarte bat adieraziz gero, balio txikiena izango da.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(1) Artikulu honen 1.1 puntuaren arabera, ur-hargunea eta -hustubidea partzelan bertan dutenek ez dute bete behar eskakizun hori.
(Ikus .PDF)
(1) Puntu honetan eskatzen den azaleraren erdia itzala egiteko sistema artifizial egokiekin ekipatuta egon daiteke. Sistema horiek ez dute behar ez den moduan nabarmendu behar.
Garbiketarako instalazioak. Instalazio hauek kalkulatzeko ez dira kontuan hartuko aterpe finkoetako plazak.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(1) Debekatuta daude txanpon bidez funtzionatzen duten dutxak.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(1) Ikuztegiak arropa garbitzeko dira, eta latsarria dago haietan; harraskak, berriz, ontziak garbitzeko dira. Bi ikuztegiren ordez beste garbigailu gehigarri bat jar daiteke.
(Ikus .PDF)
Zerbitzuak.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(1) Kanpinari atxikita egon daiteke eta Dekretu honetako 12. eta 38. artikuluen bidez arautuko da.
(2) Makina gai-banatzaileen bidez eman daiteke zerbitzua.
(Ikus .PDF)
(1) Telefonoaren ondoan, kartel bat egon behar da larrialdi-zerbitzuen, babes zibilaren, udaltzaingoaren, Ertzaintzaren, hurbileko osasun-zentroen telefono-zenbakiekin, garraiobideen ordutegiarekin eta antzekoekin.
(Ikus .PDF)
(1) Kanpinari atxikita egon daiteke eta Dekretu honetako 12. eta 38. artikuluen bidez arautuko da.
Kanpin guztietan derrigorrezkoa da sarrera nagusiaren ondoan kategoria bereizten duen plaka bat erakustea. Plaka metalezko laukizuzen bat da eta berde esmeralda koloreko atzealdean honako informazio hau zehazten da bertan: kanpinaren hasierako letra (C) eta kanpin-denda kopuru bat (triangeluak), establezimenduaren kategoria adierazten duena (luxuzkoa, 1. kategoria, 2.a eta 3.a). Dekretu honen eranskinean deskribatzen diren ezaugarrien eta neurrien araberakoa da kopuru hori.
Kanpinek barne araubiderako araudia izan behar dute, eta gutxienez honako alderdi hauek zehaztu behar dituzte araudi horretan: pertsona erabiltzaileak hartzeko baldintzak, eta, horrela badagokio, baita kanporatzeko baldintzak ere, beharrezkoa balitz, dauden polizia-kidegoen laguntzaz; bizikidetza- eta funtzionamendu-arauak, besteak beste, jardun hauek arautzeko: suaren erabilera, laguntzako animaliak izatea, baita kanpatzeko jardun normala eta kanpineko zerbitzuen erabilera bideratzeko eta laguntzeko guztia ere, Turismoko legean eta indarrean diren gainerako araudietan xedatutakoari kontra egin gabe.
Kanpinek irekita egon behar dute funtzionamenduko denboraldi osoan, eta turismo arloan eskumena duen organoari jakinarazi behar diote zer egunetan hasi eta bukatuko den denboraldi hori.
Erabiltzaile gutxi dabilen denboraldian eta haiei ostatu eman aurretik behar bezala iragarrita eta jakinarazita, 35. artikuluaren 2. atalean zehaztutako instalazio eta zerbitzuetako batzuk itxi ahal izango dira, xedapen horretan jasotako proportzioak errespetatuta, baita zerbitzuetaraino dauden distantziak ere (29.1 artikuluan zehaztutakoak). Era berean, irekita edukiko dira taberna, jatetxea eta supermerkatua. Igerilekua itxita eduki ahal izango da bainurako denboralditik kanpo.
Era berean, bezero gutxi dabilen denboraldian, 09:00etatik 21:00etara murriztu ahal izango da harrera-guneko zerbitzuaren ordutegia; nolanahi ere, harrera-guneko langileek aurkitzeko moduan egon behar dute txirrinaren edo antzeko beste sistema baten bidez.
Establezimenduaren titularrak bezeroen eskura jarri behar ditu ostatu-unitateak, adosturiko baldintzetan.
Bezeroak erreserba eskatzen badu, establezimenduak berretsi egin beharko du, gehienez 10 eguneko epean, hura egiaztatzea ahalbidetuko duen edozein sistema erabiliz; hitzartutako prezioaren eta erreserba- eta baliogabetze-baldintzen berri emango du establezimenduak berrespen horretan.
Bezerotzat hartuko dira berentzat, enpresentzat edo hirugarren pertsonentzat ostatu ematen duten establezimenduekin zerbitzuak kontratatzen dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak.
Establezimenduek seinale gisa zenbateko bat aurreratzeko eskatu ahal izango diete erabiltzaileei egindako erreserbak ordaintzeko. Seinale edo aurrerakin hori gorde egingo da ostatuaren fakturazioa egin arte edo erreserba baliogabetzeagatiko likidazioa egin arte, artikulu honetan ezarritako irizpideen arabera.
Establezimenduak erreserba egiaztatzen badu inolako ordainketarik edo seinalerik eskatu gabe, erreserba hori mantendu egin behar du adierazitako eguneko 18:00etara arte, non eta kontrakoa jakinarazteko berariazko komunikaziorik ez duen jasotzen. Establezimenduak derrigorrez mantendu behar ditu bezeroek egindako erreserbak, ordutegi aldetik inolako mugarik gabe, gutxienez aurrerakinaren bidez ordaindutako denboran eta gutxin-gutxienik lehen egunean, beti ere bezero horiek aurrerakina edo seinalea ordaindu badute. Bezeroek aurrerakina itzultzeko eskubidea galduko dute aurreikusitako epean aurkezten ez badira.
Bezeroek erreserba ezeztatuz gero, eskatutako seinalearen honako ehuneko hau atxiki ahal izango da, gehienez, kalte-ordain gisa:
% 5, ostatua okupatzeko finkatutako data baino hogeita hamar egunetik gorako aurrerapenarekin ezeztatzen bada erreserba.
% 40, ezeztapena 15-30 eguneko aurrerapenarekin egiten bada.
% 60, ezeztapena 7-15 eguneko aurrerapenarekin egiten bada.
% 100, ezeztapena 7 egun edo gutxiagoko aurrerapenarekin egiten bada.
Instalazioak erabili ahal izateko ezinbesteko baldintza da erabiltzaileek aldez aurretik izena ematea.
Onartu aurretik, erabiltzaileen eskubideen eta betebeharren araubidearen berri eman behar die kanpinak erabiltzaileei, behar den moduan eman ere. Dekretu honetan eta turismoaren erabiltzailearen eskubideak eta betebeharrak arautzeko abenduaren 24ko 317/1996 Dekretuan zehazten da zein den araubide hori.
Era berean, aurreko paragrafoan eskatutako informazioaz gain, «sarrera-fitxa» deritzon agiria eman behar zaie erabiltzaileei. Fitxa horretan honako informazio hau zehaztuko da: establezimenduaren izena eta kategoria, partzelaren kodea edo identifikazioa, partzelaren prezioa, zer egunetan sartu eta aterako diren, eta partzela zenbat pertsonak okupatuko duten eta zer sexutakoak diren. Dekretu honen 24. artikuluaren arabera erabilitako hizkuntza guztietan zehaztuko da informazio hori. Behin erabiltzaileak sarrera-fitxa hori bete eta sinatu ondoren, kanpinaren ustiatzaileak agiriaren kopia bat gorde behar du urtebetez, turismo-arloan eskumena duen organoaren eskura izateko.
Erabiltzaile guztiei edo, horrela badagokio, familia-unitateari edo bizikidetza-taldeari, agiri hauek emango zaizkie:
Seinaleztapen-planoak eta bertan adierazita honako informazio hau: larrialdi-irteerak eta eremu seguruetara ebakuatzeko bideak, su-itzalgailuen eta mahukentzako ur-harguneen kokalekua, baita kanpineko instalazio eta zerbitzuen eta hondakinak biltzeko guneen kokalekua ere, Dekretu honen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Larrialdiko zerbitzuen, babes zibilaren, udaltzaingoaren, Ertzaintzaren, hurbileko osasun-zentroen helbideak eta telefonoak, garraiobideen ordutegia eta antzekoak jasoko dituen informazio-orria.
Harrera-guneko informazio-panelean erabilitako hizkuntza guztietan egongo da eskura informazio hori, edo identifikaziorako piktograma unibertsalak erabiliko dira, bestela.
Dekretu honetan araututako turismoko establezimenduek eskainitako zerbitzuen prezioak libreak dira.
Erabiltzaileei ezin zaie, inolaz ere, eredu ofizialaren arabera jendaurrean erakutsitako prezioen aldean handiagorik kobratu.
Kontratatutako zerbitzuen ordaina jardunaldiko zenbatzen da, igarotako gauen arabera, eta, nolanahi dela ere, gutxienez jardunaldi bati dagozkion zerbitzuak ordaindu behar dira. Kontrakorik adostu ezean, jardunaldia 12:00etan amaitzen dela hartuko da kontuan.
Establezimenduek bezeroei kontratatutako zerbitzuen faktura egin behar dute, ezarritako prezioen arabera. Turismoaren erabiltzailearen eskubideak eta betebeharrak arautzeko abenduaren 24ko 317/1996 Dekretuan eta arlo horretan indarrean den araudi fiskalean xedatutakoaren arabera egingo dira fakturak.
Kasu guztietan, erabiltzailearen izenaren ondoan, informazio hau zehaztu behar da gutxienez: partzelaren zenbakia eta haren identifikazioa, pertsonen kopurua eta sarrerako eta irteerako datak. Era berean, kontratatutako zerbitzuak ere jasoko dira fakturan, egun eta kontzeptuen arabera behar bezala xehakatuta, eta zalantzarik ez uzteko moduan. Hitzez hitz edo gako bidez adieraziko dira zerbitzuak, eta horien azalpena inprimakian jasoko da derrigorrez.
Bezeroek faktura aurkeztutako unean egin behar dute ordainketa edo adostutako epean, erreserbagatik aurreratutako ordainari buruz xedatutakoa aparte utzi gabe.
Kanpina jabetzan duen enpresak edo enpresa ustiatzaileak, zuzendaritzaz arduratuko den pertsona bat izan behar du, eta, horrez gain, behar beste langile, kanpinaren kategoriari dagozkion zerbitzuak modu egokian eta uneoro betetzeko.
Kanpinaren jabeak edo enpresa ustiatzaileak izendatuko du zuzendaritzaz arduratuko den pertsona. Dekretu honen ondorioetarako, zuzendariak eginkizun hauek izango ditu, besteak beste:
Kanpinaren funtzionamendu egokia bermatzea, barne araubiderako araudia betetzen dela ziurtatzea eta bereziki langileek bezeroei emandako tratua zaintzea.
Eskumena duten agintariei ordena publikoan gertatutako nahasmenen, egindako delituen edo kanpinean dauden pertsonen osasunerako arriskua sor dezaketen gaixotasunen berri ematea.
Eskumena duen administrazioaren aurrean establezimenduaren bitartekari izatea, kanpinaren jabea ez dagoenean.
Kanpineko instalazioak egoera onean daudela egiaztatzea eta horiek mantentzeko eta hobetzeko beharrezkoak diren lanak egitea, kanpinaren kategoriaren arabera, irekitzeko eta funtzionatzeko exijitzen zaizkien baldintzetan egon daitezen instalazio horiek.
Dekretu honetako xedapenak betetzea.
Aldian-aldian segurtasun-neurrien funtzionamendu egokia egiaztatzea.
Turismo-arloko ikuskapen-zerbitzuei haien zeregina betetzen laguntzea; hau da, kanpalekuaren gune eta instalazioetan sartzeko baimena ematea; turismo-jarduerarekin zuzenean lotutako agiriak, liburuak eta erregistroak aztertzen uztea; eta aurreko agirien kopiak edo erreprodukzioak eskueran izatea, Turismo Legean xedatutako baldintzei jarraiki.
Harrera-guneko langileek eginkizun hauek izango dituzte:
Erabiltzaileen sarrerak eta irteerak kontrolatzea, sarrera-fitxaren bidez aldez aurretik haien identitatea egiaztatuta.
Ostatu-erreserbak jasotzea eta kudeatzea.
Kanpinaren aurka aurkeztutako erreklamazioak jasotzea eta bideratzea.
Fakturak egitea.
Erabiltzaileek eskatutako informazioa ematea, bai kanpinaren funtzionamenduari buruzkoa, bai turismoari buruzkoa, oro har. Azken horri dagokionean, besteak beste, inguruko garraiobide publikoei buruzkoa, turismoko baliabide nagusiei eta intereseko guneei buruzkoa, larrialdi- eta osasun-zerbitzuei, bestelako ostatuei eta abarrei buruzko informazioa emango diete harrerako langileek erabiltzaileei.
Arriskuren bat izan dezaketen instalazio edo zerbitzuen berri ematea erabiltzaileei, baita horien aurrean hartutako segurtasun-neurrien berri ere.
Bere kategoriaren arabera bete beharrekoak izan eta enpresak agindutako bestelako eginkizunak betetzea.
Kanpinek segurtasun pribatuko langileak izan ditzakete, Segurtasun Pribatua arautzen duen araudiaren arabera, baina aukera hori baliatu zein ez, kanpinek zaintza-zerbitzua izango dute. Zerbitzu horrek eginkizun hauek beteko ditu:
Kanpina zaintzea.
Kanpinaren ordena eta funtzionamendu egokia zaintzea, eta erabiltzaileek araudi honetan eta establezimenduaren barne araubiderako erregelamenduan xedatutakoa betetzen dutela bermatzea.
Erabiltzaileek atsedenerako duten eskubidea errespetatzen dela zaintzea.
Beren lanbidearen arabera bete beharrekoak izan eta enpresak agindutako bestelako eginkizunak betetzea.
Kanpinetako erabiltzaileei aplikatzekoa den eskubide eta betebeharren araubidea turismoaren erabiltzailearen eskubideak eta betebeharrak arautzeko abenduaren 24ko 317/1996 Dekretuan ezarritakoa da.
Dekretu horretan eta aplikatzekoak diren bestelako xedapenetan onartutako eskubideei kalterik egin gabe, kanpinetako erabiltzaileek eskubidea dute kanpalekuan segurtasuna eta intimitatea izateko eta, horrenbestez, establezimenduak hori bermatzeko neurriak hartu behar ditu.
Dekretu horretan eta aplikatzekoak diren bestelako xedapenetan onartutako betebeharrei kalterik egin gabe, kanpinetako erabiltzaileek utzi egin behar dute ostatua aldez aurretik adostutako denbora igaro ondoren, non eta enpresak eta erabiltzaileak edo erabiltzaileek luzapen bat ez duten adosten. Era berean, 39. eta 44. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, kanpinaren zuzendaritzak ostatua uzteko eskatzen badie, erabiltzaileek bete egin behar dute esandakoa.
Turismoko kanpalekuek erreklamazio-orriak izan behar dituzte erabiltzaileen eskura, eta ikusteko moduan iragarri behar dute ohar hori, Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileen eta erabiltzaileen erreklamazio-orriak arautzen dituen urtarrilaren 14ko 5/1997 Dekretuan xedatutakoari jarraituz.
Kanpinetako erabiltzaileek debekatuta dute:
Gainerako erabiltzaileen atsedena galaraztea, barne araubiderako araudian zehaztutako ordutegian eta gutxienez 8 ordu jarraian, 23:00etatik 09:00etarako tartean.
Egurrarekin egindako sua, barbakoak edo bestelako suak piztea, horretarako bereziki egokitutako guneetatik kanpo.
Gainerako erabiltzaileentzat modu nabarmenean arriskua edo enbarazua sor dezaketen animaliak ondoan izatea.
Arriskua edo istripuak eragin ditzaketen armak edo objektuak eramatea.
Hondakinak eta zaborrak horretarako egokitutako edukiontzietatik kanpo uztea eta bereziki errekasto, putzu, iturri edo bide publikoetan botatzea.
Kanpinean ostatu hartuta ez dauden pertsonak barnera sartzea, establezimenduko langileek aldez aurretik horretarako baimenik eman gabe.
Dekretu honetan edo establezimendu bakoitzaren barne araubiderako araudian jasotako xedapenak urratzen dituen jardun oro.
Debeku hauetakoren bat ez betetzeak kontratua bertan behera uztea eta erabiltzailea establezimendutik kanporatzea ekar dezake.
Artikulu honetan xedatutakoa betetzeko, kanpineko langileek laguntza eska diezaiekete Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoei.
Ostatua proiektu-fasean dagoenean, edo aldaketa garrantzitsuak egiteko asmoa dagoenean, enpresak aukera izango du bere ezaugarri, instalazio eta zerbitzuen arabera legokiokeen turismo-sailkapena eskatzeko turismo arloan eskumena duen organoari. Horretarako, Dekretu honen 54. artikuluaren 1.e) atalean adierazitako dokumentazioaren artean beharrezkoak diren agiriak aurkeztu beharko ditu. Turismo arloan eskumena duen sailean dagokien lurralde-ordezkaritzaren bidez egin behar du eskabide hori, araudi honen bigarren xedapen gehigarrian zehaztutako lekuetan eskueran dauden eredu ofizialari jarraituz.
Administrazioak 3 hilabeteko epean erantzun beharko dio egindako kontsultari, eskaera eta aurkeztutako dokumentazioa jasotzen denetik aurrera zenbatzen hasita, edo hala badagokio, Administrazioak eskatu dion beharrezko dokumentazioa jasotzen denetik aurrera zenbatzen hasita. Denbora-tarte hori igaro ondoren kontsulta egin duen pertsonak Administrazioaren erantzunik jaso ez badu, horrek ez du esan nahi kontsulta-idazkian jasotako adierazpen-eskaera onartzen denik. Nolanahi dela ere, pertsona interesdunak aukera izango du kontsulta aurkeztu zuen organora jotzeko, erantzunik ez jasotzea eragin duten arrazoien berri jakiteko eta dagozkion erantzukizunak eskatzeko.
Artikulu honetan aipatutako kasuetan turismo-arloan eskumena duen organoak emandako erantzunak argibide-izaera baino ez du izango, eta inola ere ezin izango da errekurtsorik aurkeztu erantzun horren aurka; horretaz gain, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35.g) artikuluan esleitutako informazio- eta orientazio-betebeharrak betetzeko xede bakarrarekin egiten da arestian aipatutako erantzuna. Erantzunak Turismo Administrazioa lotetsiko du, soil-soilik, proiektuaren egikaritzea oso-osorik bat datorrenean kontsulta egindakoan kanpinak aurkeztutako memoriarekin, planoekin eta bestelako dokumentazioarekin, eta Administrazioak emandako araudia indarrean dagoen bitartean.
Dekretu hau aplikatzekoa den esparruan dauden kanpinak martxan jarri eta ustiatzen hasi aurretik, pertsona titularrek turismo-jardueran aritzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena eta sailkapena aurkeztu behar dute turismo-arloan eskumena duen sailean eta zehazki dagokien lurralde-ordezkaritzan, araudi honen bigarren xedapen gehigarrian zehaztutako lekuetan eskueran dagoen eredu ofizialari jarraituz.
Alabaina, proiektuak Natura 2000 Sareko eremuei eragin badiezaieke edo Proiektuek ingurumenean duten inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina aldatzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Errege Dekretu Legegilean, Dekretu hori garatzen duen erkidegoko araudian eta Turismoa antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen eta horren ondorengo aldaketetan jasotakoaren arabera bestelako arrazoiren bat tarteko bada, eta, horren ondorioz, proiektuak ingurumenaren gaineko ebaluazioa bete behar badu, erantzukizunpeko adierazpena ezingo da aurkeztu ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin arte, eta, kasu guztietan, hori egiaztatuko duen dokumentazioa izan beharko da eskueran.
Turismo-arloko Administrazioari emandako informazioa ez dago loturik beste administrazio batzuek izan ditzaketen eskumenak direla-eta pertsona interesdunek administrazio horietan aurkeztu beharreko informazioekin, ez eta, horrela badagokio, administrazio horiek eman ditzaketen baimenekin ere.
Aipatutako erantzukizunpeko adierazpen horiek ez diete bide ematen kanpinaren jabeei edo ustiatzaileei barrutian dauden beste instalazio edo zerbitzu batzuk zabaltzeko, baldin eta instalazio eta zerbitzu horietarako araudi espezifikoa badago.
Erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak aukera emango du aurkezpenaren egunetik beretik jarduerari ekiteko, Turismo Administrazioak esleituta dituen egiaztatze-, kontrol- eta ikuskapen-ahalmenak eta beren eskumenei jarraiki beste erakunde batzuei dagozkien ahalmenak aparte utzi gabe. Establezimenduari buruzko datuez gain, eta batez ere plaza kopuruaz gain, espezifikoki beste informazio hau ere jasoko da erantzukizunpeko adierazpenean:
Titularrak Administrazio Publikoaren aurrean ordezkaritza-ahalmena duela. Titularra pertsona juridikoa denean, sozietatearen eraketari buruzko eskritura eta ordezkaritza-ahalordeak aurkeztu beharko ditu espezifikoki, beti ere sozietate-eskrituran argi eta garbi ondorioztatzen ez badira. Erantzukizunpeko adierazpenean, halaber, eskritura hori dagokion Merkataritza Erregistroan inskribatu izanaren identifikazio-datuak jasoko dira.
Pertsona titularrak bere esku duela instalazioak hartzen duen lursail osoa, jabetza-tituluaren bidez edo zuzenbidean erabilera hori ahalbideratzen duen besteren baten bidez.
Pertsona titularrak Dekretu honetan adierazitako erantzukizun zibileko asegurua duela.
Establezimenduak Dekretu honetan eta aplikatu beharreko beste guztietan (irisgarritasuna sustatzeko araudian eta larrialdi-egoerei aurre egiteko segurtasun- eta autobabes-araudian, bereziki) ezarritako betekizunak betetzen dituela.
Titularrak erantzukizunpeko deklarazioan adierazitakoa egiaztatzen duen dokumentazioa duela eta jardueran aritzen den denboran betetzen jarraitzeko konpromisoa hartu duela. Dokumentazio horretan, gutxienez, agiri hauek izango dira:
Memoria, eskudun teknikariek sinatuta, besteak beste, honako alderdi hauek arrazoibidetuz: kanpaketa-eremuaren azalera eta ehunekoa, edukiera, partzela-kopurua, azalera eta plaza kopurua partzela bakoitzeko, aparkatzeko plaza-kopurua ibilgailu-motaren arabera. Bestetik, Titulu honen III. eta IV. kapituluetan (azpiegiturei eta gutxieneko zerbitzuei eta kategoriei buruzkoak dira kapitulu horiek) jasotako baldintzen deskribapena eta justifikazioa, eta, horri loturik irisgarritasuna sustatzeko araudia eta segurtasuneko eta larrialdi-egoeren aurreko araudia betetzeari buruzko esanbidezko pronuntziamendua.
Dokumentazio grafikoa: kanpalekuaren oin-antolamendu eta atalei buruzko eskala-planoak, instalazioek eta eraikuntzek lursailean hartzen duten eremua islatuz; kanpaketa-plazak eta -modalitateak, plazen azalera adieraziz; oinezkoentzako eta ibilgailuentzako galtzadak eta aparkalekuak; aparkaleku-kopurua, eremu libreak eta aisialdirako guneak, kirol-guneak, berdeguneak eta eremu arboladunak, elementu horietako bakoitzak hartzen duen azalera zehaztuz.
Artikulu honen lehen paragrafoan adierazitako informazioaren ondorioz, enpresak eta establezimenduak Turismo Enpresen Erregistroan inskribatuko dira ofizioz (irailaren 2ko 199/2003 Dekretuak arautzen du erregistro hori), eta dagokien erregistro-zenbakia esleituko zaie.
Artikulu honen 1. paragrafoan xedatutakoa aparte utzi gabe, eta behin erantzukizunpeko adierazpena eginda, turismo-arloan eskumena duen saileko dagokion lurralde ordezkaritzak ahalmena izango du adierazpen horretan emandako informazioa bermatuko duten agiriak errekeritzeko.
Pertsona interesdunek ez dituzte derrigorrez aurkeztu behar turismo-arloan eskumena duen administrazioak lehendik dituen agiriak. Horretarako, pertsona titularrak eskabidean adierazi behar du zer egunetan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu zituen agiri horiek, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluan (f atalean) eta Lege hori garatzeko arauetan xedatutako moduan eta baldintzetan.
Dagokion lurralde-ordezkaritzaren zerbitzu teknikoak, dokumentazioa aztertu ondoren, dokumentazioa zuzentzea edo beste agiri batzuk aurkeztea eskatu ahal izango du, hala badagokio, eta emandako informazioa egiazkoa dela eta erregelamenduz ezarritako betekizunak betetzen jarraitzen dela egiaztatu ahal izango du.
Erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez bada, eta, aurreko paragrafoan azaldu den egiaztapenaren ondorioz dagokion Lurralde Ordezkaritzako zerbitzu teknikoak identifikatzen badu emandako informazioa zehaztugabea edo faltsua dela edo funtsezko datuak ezkutatu direla, edo, hala badagokio, agintari eskudunek egiaztatutako eskakizunak betetzen ez direla, turismo arloan eskumena duen organoak, 6/1994 Legearen 8. artikuluaren arabera, prozedura bat hasi ahal izango du, titularrak egokiak diren ebidentziak edo deskarguak alegatu eta aurkeztu ahal izan ditzan. Egindako jarduerak kontuan hartuta, organo eskudunak, ebazpen arrazoitu bidez, agindu dezake establezimendua adierazitakoaren aldean beste ostatu-figura batean birsailkatzeko, jarduera geldiarazteko edota interesdunak dagokion jarduera hasi aurreko unera lehengoratzeko egoera juridikoa. Orobat, urtebeteko epean xede berarekin beste prozedura bat ezin duela eskatu ere agindu ahal izango du, aipaturiko 6/1994 Legearen 8. artikuluan zehazten denari jarraiki.
Martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 8. artikuluaren 3. paragrafoan zehaztutakoaren ondorioetarako, ulertuko da honako gorabehera hauek direla funtsezkoak:
Larrialdiko egoeren aurrean segurtasunerako edota autobabeserako araudia betetzen dela ez egiaztatzea.
Irisgarritasuna sustatzeko araudia betetzen dela ez egiaztatzea.
Erantzukizun zibileko poliza kontratatu izana ez egiaztatzea.
Kanpin gisa edo kanpaketa-turismoko beste modalitate gisa hartzeko bete beharrekoak diren gutxieneko baldintzak ez betetzea, non eta, Dekretu arauemaile honetan xedatutako prozedurari jarraituz, baldintza horiek bete behar izatetik salbuetsita ez dagoen.
Datu edo agirietan akatsak, faltsutzeak edo omisioak izanez gero, funtsezkoak ez badira, zuzentzeko bidea ireki beharko da, dagozkion zehapenak aparte utzi gabe.
Turismo-jarduera hasi ondoren aldaketa garrantzitsuren bat egin nahi duten enpresek, hau da, establezimenduen azpiegitura-instalazioetan edo establezimenduen ezaugarrietan eragin dezakeen aldaketaren bat edota azaleran, edukieran edo sailkapenean eragin dezakeen funtsezko aldaketaren bat (titulartasuna barne) egin nahi duten enpresek, horren inguruko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar dute aldaketa egin aurretik. Prozedura kapitulu honetako 53., 54. eta 55. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera izapidetzen da, adierazitako aldaketen inguruan aurkeztu beharreko memoriaren eta dokumentazioaren kasuan izan ezik.
Egindako aldaketa aurrez adierazitako aterpe kopurua handitzea izan bada, jardueraren titularrak edo hark ahalordetutako pertsonak, behar bezala egiaztatuta, agiri hauek dituela adieraziko du:
Jabetza-tituluaren bidez edo zuzenbidean erabilera hori ahalbideratzen duen besteren baten bidez aterpe finkoen titularra dela egiaztatuko duten agiriak.
Obraren ezaugarri nagusiak deskribatzen dituen memoria, kanpinaren barnean elementu finkoen kokalekua adierazten duten planoak, elementu finkoen planoak eta edukiera behar bezala egiaztatuta. Halaber, Dekretu honetan exijitutako baldintzak betetzen direla ere zehaztu beharko da xehetasun osoz.
Gainerako aldaketak (hala nola enpresaren izenaren aldaketa eta beste batzuk) gertatu eta hilabete bateko epean jakinaraziko zaizkio turismo-arloan eskumena duen organoari, eta aurreko artikuluetan adierazitako dokumentazioaren artean aldaketa horiek justifikatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dira.
Arestian adierazitako funtsezko aldaketak egin izanaren erantzukizunpeko adierazpena, funtsezkoak ez diren aldaketen jakinarazpena (artikulu honetan zehazten da zein diren aldaketa horiek) eta itxieraren jakinarazpena arau honen bigarren xedapen gehigarrian ezarritako lekuetan eskuragarri dauden eredu ofizialei jarraiki egin beharko dira.
Establezimenduaren titularrek aldez aurretik eman behar diote kanpinaren itxieraren berri dagokion lurralde ordezkaritzari, izan itxiera hori behin betikoa edo izan aldi baterakoa, eta arau honen bigarren xedapen gehigarrian ezarritako lekuetan eskuragarri dauden eredu ofizialei jarraitu behar diote jakinarazpen hori egiteko.
Bi urtez jarraian itxita edukiz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Turismo Enpresen Erregistroan baja emango zaio kanpinari.
Itxieraren jakinarazpenik egiten ez bada, Turismo Administrazioak kanpinaren aldi baterako baja izapidetuko du aurrez aipatutako erregistroan. Bi urte igaro ondoren, behin betiko baja emango zaio erregistro horretan.
Kanpina behin betiko ixten bada, aterpe finkoek aterpe izateari utziko diote.
Sailkapena egitean kontuan hartu ziren baldintzak betetzen dituen heinean kanpinak eutsi egingo dio kategoriari.
Turismo-arloko administrazioak eskumena izango du, ofizioz edo parte interesatuak hala eskatuta, kanpalekuen kategoria berrikusteko, eta instalazioek eta zerbitzuek ez badituzte betetzen esleitutako kategoriaren baldintzak, beste kategoria bat esleitu ahal izango dio kanpinari. Horretarako dagokion espedientea abiarazi beharko du aurrez, eta parte interesdunei entzun beharko die.
Hauek dira kanpaketa-eremu naturalak: kokapen, topografia eta baso-aberastasun berezia edo bestelako inguruabar bitxia eta behar bezala egiaztatua daukatenak, baldintzak betetzen dituztenak eta prezio baten truke, jendearentzako zabalik egongo direnak, opor- edo aisialdi-helburuekin, aldi baterako ostatu emateko. Okupazio hori, kanpinekin alderatuta, naturari dagokionez hurbiltasun handiagoz eta ustiatze-moduari dagokionez modu arinagoz egingo da. Orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Turismo Enpresen Erregistroan inskribatuta egongo dira, ostatu-zerbitzuak emateko, kapitulu honetan ezarritako baldintzetan eta mugekin.
Kanpaketa-eremu naturalei aplikatzekoak dira kanpinen kasuan kokapenari, hornidurari eta atontzeari buruz 6., 7.1, 12., 13., 17. eta 18. artikuluetan ezarritako aurreikuspenak, ondorengo artikuluetan adierazitako berezitasunak kontuan hartuta.
Galarazita dago kanpaketa modalitate hau abeltzaintzako ustiategi bat edo abeltegi bat duten baserrietan edo haien ondoan egitea, baldin eta ustiategiaren tamaina dela-eta, osasun arrazoiak tarteko izan badaitezke. Osasun-alderdien kontrola erakunde eskudunak egin dezake edozein unetan, turismo-arloan eskumena duen organoak eskatuta. Azken horrek erregistroan izena ematea ezetsi dezake edo, horrela badagokio, erregistroan baja ematea erabaki, baldin eta lekuak ez baditu baldintza egokiak betetzen.
Kanpaketa-eremu naturaletan ezin da pertsonei ostatu emateko aterpe finkorik ezarri. Hain zuzen, 7.4. artikuluan zehazten da zer hartzen den aterpe finkotzat.
Kanpaketa-eremu naturalek ezin dute hektarea bateko azalera gainditu, gehienez ere 25 partzela izan ditzakete eta ezin diete 60 pertsonari baino gehiagori ostatu eman partzela horietan. Aterpe mugikorrak gehienez ere astebete eduki ahal izango dira jarrita.
Ez da beharrezkoa kanpaketa-eremu naturalak hesitzea, ez eta partzeletan banatzea ere. Nahikoa da partzelak mugarri bidez, hesola txikien edo antzekoan bidez seinalatzea, batetik bestera 20 metroko tartean jarrita eta aldian behin mugarri horiek lekuz aldatuta, landare-estalkiari eusten zaiola bermatzeko.
Dekretu honen 19. artikulutik 25.era zehaztutako azpiegituren eta gutxieneko zerbitzuen araubidea ezarriko zaie kanpaketa-eremu naturalei, hurrengo artikuluan eta segidako paragrafoetan adierazitako berezitasunak kontuan hartuta.
Ez da beharrezkoa 20. artikuluan adierazitako estolderia-sistema ezartzea. Hala ere, ezingo da ebakuazioko sare publikotik kanpo hondakin-urik bota ur horiek aurrez araztu gabe.
Harrerako bulegoa egokitzeko, lursailean dauden eraikuntzetako bat moldatu ahal izango da, osorik edo zati bat, edo zimendurik gabeko moduluak garraiatu eta ipini ahal izango dira, beti ere eginkizun hori betetzeko egokiak badira. Modulu garraiagarri horiek, nolanahi dela ere, ingurunearekin bat datozen materialez eginak izango dira.
Kanpaketa-eremu naturalek ekipamendu hauek izan behar dituzte gutxienez, ostatu ematea aurreikusten duten 25 pertsonako:
Garbiketa-zerbitzu hauek: dutxa bat, konketa bat eta komun bat kanpinean ostatu hartuta daudenen zerbitzura eta soilik haiek erabiltzeko. Zerbitzu horiek euritik babesean egon behar dute eta erabiltzaileen intimitatea behar bezala bermatu behar dute.
Iturri edo txorrota bat edateko urarekin aire librean eta kanpinzaleek libre sartzeko aukera duten eremuan.
ikuztegi bat edo harraska bat kokapen berean.
Zaborrarentzako edukiontzi bat, gutxienez 60 litroko edukierakoa, ixteko sistemarekin, usainik ez sortzeko eta animalia basatiak ez erakartzeko, eta egunero zaborrak biltzeko zerbitzua.
Era berean, establezimenduak telefonoa izan behar du kanpinzaleen eskueran.
Aurreko baldintzak betetzeko, establezimenduek aukera izango dute lursailean dauden eraikinetako instalazioak erabiltzeko edo higiene-instalazio garraiagarriak jartzeko, beti ere botatako materialak modu egokian kudeatzen direla ziurtatzen bada eta komunen garbiketa egokia bermatzen bada, maiztasun egokian ordezkatuz eta higienizatuz.
Kanpaketa-eremu natural guztietan derrigorrezkoa da sarrera nagusiaren ondoan plaka bereizgarri bat erakustea. Plaka metalezko laukizuzen bat da eta berde esmeralda koloreko atzealdean kanpin-denda baten silueta ageri da zurian, eta ondoan, konifero bat edo pinu bat, Dekretu honen eranskinean deskribatzen diren formaren eta neurrien arabera.
Kapitulu honetan aztergai diren kanpaketa-eremu naturalak jakinarazteko prozedura kanpinei buruzko II. tituluaren IX. kapituluko xedapenen arabera arautzen da, hurrengo artikuluan jasotako berezitasunak kontuan hartuta.
Kanpaketa-eremu naturalak natur gune babestuetan, Natura 2000 Europako Sare Ekologikoko tokietan edo EAEko ingurumen araudian jasotako nazioarteko tresnen bidez babestutako eremuetan ezarri ahal izateko, kasuan kasuko antolaketa- eta kudeaketa- planetan jasotako baldintzak bete beharko dira. Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak uste badu modu nabarmenean eragin dakiekeela Natura 2000 sareko tokiei, habitat naturalen eta basa fauna eta floraren kontserbazioari buruzko 92/43/CEE Zuzentarauak 6. artikuluan ezartzen duen ebaluazioa egingo zaio kanpaketa-eremuaren proiektuari. Horrez gainera, bete beharrekoa izango da ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari dagokionez kasu bakoitzean aplikatzekoa den legedian ezarritakoa ere.
Iragaitzazko autokarabanen eta karabanen harrera-eremu bereziak behar bezala mugatu, hornitu eta egokitutako lursailak dira; ibilgailu mota horien erabiltzaileentzako irekita egongo dira gune horiek, autokarabana eta karabanek (bost ibilgailuk, gutxienez), bidean doazela atsedena hartzeko eta ibilgailuetan pilatutako hondakinak uzteko aukera izan dezaten. Alde horretatik, kontuan hartu beharko da, orobat, autokarabana eta karabanen geldialdi, aparkatze eta kanpatzeari buruz 2.c) artikuluan xedatutakoa ere.
Iragaitzazko autokarabanen eta karabanen harrera-eremu bereziak soilik horrelako eta antzeko ibilgailuek erabiltzeko dira.
Aurreko atalean kontuan hartu ezin diren kanpin-dendak edo aterpe mugikorrak ezin izango dira iragaitzazko autokarabanen eta karabanen harrera-eremuetan jarri. Era berean, eremu berezi horietan ezin izango da jarri aterpetxe finkorik edo antzeko bestelakorik, erabiltzaileei ostatu emateko.
Iragaitzazko autokarabanen eta karabanen harrera-eremu bereziak ezin dira kanpinentzako debekatuta dauden kokalekuetan ezarri. Bi salbuespen izango dira: batetik, autopista, autobide eta errepideetatik hurbileko guneak, errepideen foru araudiak horrela baimentzen badu, eta bestetik, hiriguneetako harrera-eremuak, udal ordenantzek ez badute horrelakorik debekatzen.
Ibilgailuek gehienez ere 48 ordu egon ahal izango dute iragaitzazko autokarabanen eta karabanen harrera-eremu berezietan. Debekatua dago establezimendu horietako lursailak saldu edo azpierrentan ematea.
Iragaitzazko autokarabanen eta karabanen harrera-eremu bereziek kapitulu honetan irisgarritasunari, erosotasunari eta iraunkortasunari buruz ezarritako baldintzak beteko dituzten instalazioak eta zerbitzuak izan behar dituzte, 13. artikuluan adierazitako balioak bete ahal izateko.
Eremu horiek sektoreko legedian exijitutako baldintzak bete behar dituzte, 17. artikuluan adierazitakoari jarraituz. Iragaitzazko autokarabanak eta karabanak hartzeko jarduera uztartu egin dezakete beste establezimendu batzuk ustiatzeko jardunarekin, Dekretu honen 12. artikuluan jasotakoaren arabera.
Eremu horiek 18. artikuluan zehaztutako dispentsa baliatu ahal izango dute, kanpinetarako aurreikusitako baldintza beretan, artikulu honetan xedatutakoa aparte utzi gabe. Zehazki, aukera izango dute Dekretu honen 23. artikuluan adierazitako «harrera-bulegoa» ez izateko, 23. artikulu horretan aurreikusitako zerbitzuak beste modu batera ematea bermatzen badute. Era berean, kasu hauetan, Dekretu honen 40. artikuluan zehaztutako sarrera-fitxaren ordez eremu berezi hauetako karabana eta autokarabana erabiltzaileen erregistroa jaso ahal izango da; erregistro horretan, ibilgailuen matrikula eta sarrera- eta irteera-eguna zehaztuko dira, gutxienez.
Iragaitzazko autokarabana eta karabanen harrera-eremu berezien azalera 28 metro koadroko partzeletan banaturik egongo da, eta partzelak zenbaki bidez identifikatuko dira. Partzelen zoruak zelaituta eta asfaltatuta edo trinkotuta egon behar du, dagokion drainatze-sistemarekin. Era berean, partzelak ez du inolako oztoporik izango 3,5 metroko altueraraino. Gainerako azaleran bideak eta aparkatzeko eta irteteko maniobrak egiteko beharrezkoak diren espazioak egokituko dira, baita eremu hauetako ohiko zerbitzuak ere. Plazetara iristeko bide eta guneetan ez da inolako oztoporik egongo 3,5 metroko altueraraino.
Egokitutako eremuan daudela, iragaitzazko autokarabana eta karabanen erabiltzaileek aukera dute toldoak zabaltzeko eta elementu eramangarriak erabiltzeko, hala nola mahaiak eta aulkiak, beti ere aparkatuta dauden partzelaren barnean egiten badute, Dekretu honen 8. artikuluan xedatutakoa eta establezimenduaren barne araubiderako araudiak horren gainean zehaztutakoa betez.
74 artikulua. Eraikinak eta instalazioak.
Iragaitzazko autokarabana eta karabanen harrera-eremu berezietako eraikinak, gehienez, behe solairukoak, solairu bakarrekoak eta, horrela badagokio, estalkipekoak izango dira; harrera egiteko eta informazioa emateko, guztientzako eremuak egokitzeko eta garbiketa-zerbitzuetarako izango dira eraikin horiek eta mugikortasun urritua duten pertsonen beharrizanetara egokiturik egongo dira.
1. II. tituluko III. kapituluan kanpinetarako aurreikusitako azpiegituren eta zerbitzuen araubidea ezarriko zaie iragaitzazko autokarabana eta karabanen harrera-eremu bereziei, kapitulu honetan xedatutakoa aparte utzi gabe, eta 25., 26., 29., 31. eta 33. artikuluetan xedatutakoa salbu dela.
Harrera eta informazioa ematera bideratutako azpiegiturak eta zerbitzuak kanpinarenak berarenak izan daitezke, batera ustiatzen badira. Horrek ez ditu handituko kategoria bakoitzean kanpinentzako aurreikusitako ratioak.
Iragaitzazko autokarabana eta karabanen harrera-eremu bereziek, aurreko artikuluan jasotakoaz gain, prestazio hauek izan behar dituzte, eskaintza osatzeko:
Erabiltzaileek ibilgailuaren deposituak hustu eta berriro betetzeko aukera izan dezaten, iragaitzazko autokarabana eta karabanen harrera-eremu berezi guztiek 40 partzelako zerbitzugune bat izan behar dute, gutxienez, edo horren zatikia, hondakinak tratatzeko. Zerbitzugune horrek elementu hauek izan behar ditu: erabilitako urak (ur grisak) isurtzeko hustuleku bat eta komuneko hondakin biologikoak (ur beltzak) husteko beste bat, ur beltzen depositu hori garbitzeko txorrotarekin, eta ur garbien depositua betetzeko txorrota, ur edangarriarekin.
Perimetro guztian behar bezala mugatuta egongo da zerbitzugune hori, non eta ez dagoen, partzialki edo osorik, kanpin baten barnean. Kasu horretan, kanpinaren itxitura eta iragaitzazko autokarabana eta karabanen harrera-eremu berezi horren itxitura komunak ez diren eremuak bereizteko izango dira.
Tentsio baxuko argindar-horniduraren potentzia ez da 6 amperetik beherakoa izango partzelako, eta ibilgailu guztiak hornitzeko beste hargune jarriko dira erabiltzaileen eskura.
tituluko V., VI. eta VIII. kapituluetan funtzionamendu-araubideari buruz eta erabiltzaileen eta turismo-enpresen eskubide eta betebeharrei buruz kanpinetarako ezarritako aurreikuspenak aplikatuko zaizkie iragaitzazko autokarabana eta karabanen harrera-eremu bereziei, non eta ez diren Titulu honetan berariaz xedatutakoaren kontrakoak.
Iragaitzazko autokarabana eta karabanen harrera-eremu bereziak urte osoan egon daitezke irekita, etenik gabe, edo denboraldi jakinetan. Horrela bada, turismo-arloan eskumena duen organoari aldez aurretik jakinaraziko zaio zer denboralditan egongo diren irekita.
Autokarabanen eta karabanen harrera-eremu berezi guztietan plaka bereizgarri bat jarri beharko da derrigorrez, sarrera nagusiaren ondoan. Plaka metalezko laukizuzen bat izango da eta berde esmeralda koloreko atzealdean autokarabana baten silueta agertuko da zurian, Dekretu honen eranskinean deskribatzen diren formaren eta neurrien arabera.
Iragaitzazko autokarabana eta karabanen harrera-eremu bereziek errepideetan eta establezimenduaren instalazioetatik hurbileko bideetan jarritako seinaleak normalizatuak eta trafiko arloan indarrean den legediaren araberakoak izango dira.
Eremuaren barnean, zerbitzu eta instalazioei dagozkien seinaleez gain, gutxienez ibilgailuen gehieneko abiaduraz, bideen norabideaz eta larrialdiko irteeren eta su-itzalgailuen kokalekuez ohartarazteko seinaleak instalatu behar dira.
Kapitulu honetan arautzen diren iragaitzazko autokarabana eta karabanen harrera-eremu berezientzako jakinarazpenen araubidea kanpinei buruzko IX. kapituluko xedapenen arabera arautuko da. Horrez gain, kontuan hartuko dira, batetik, 54. artikuluan zehaztutako erantzukizunpeko adierazpena jarduera turistikoan aritzeko izatea, eta bestetik, hurrengo artikuluan jasotako berezitasunak.
Kanpaketa librea debekaturik dago, oro har, oporretarako edo aisialdirako.
Kanpaketa libretzat hartzen da kanpinetatik, kanpaketa-eremu naturaletatik eta iragaitzazko autokarabana eta karabanen harrera-eremu berezietatik kanpo doan egindakoa, kanpin-dendak, karabanak, autokarabanak edo erraz garraia daitezkeen antzeko beste elementuak aldi baterako erabiliz, eta kanpatutako lursailen gainean inolako ahalmenik, baimenik edo erabiltzeko eskubiderik izan gabe.
Salbuespen gisa, aukera izango da kanpaketa librea egiteko, baldin eta lurzoruaren jabetza- edo erabilera-eskubideak errespetatzen badira, elkarrekin gehienez ere hiru kanpin-denda edo antzeko elementu jartzen badira, horrelako beste multzo batetik gutxienez kilometro batera eta kanpatuta dauden pertsonak 10 baino gutxiago badira eta leku berean hiru egunetik gora egiten ez badira.
Ezingo da, inolaz ere, kanpaketa librerik egin turismo-kanpaleku batetik 2 kilometro baino gutxiagora, ez eta, Dekretu honen 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, turismoko kanpalekuak ezarri ezin diren tokietan ere.
Aurreko artikuluan xedatutakoaz gain, bete beharrekoak dira, orobat, natur gune babestuetan, Natura 2000 Europako Sare Ekologikoko tokietan edo EAEko ingurumen araudian jasotako nazioarteko tresnen bidez babestutako eremuetan indarrean diren araubide bereziak, baldin eta eremu horietako baliabide naturalak antolatzeko eta erabilerari eta kudeaketari buruzko plan gidariek, eta aplikatzekoak diren gainerako araudiek, eremu horietan kanpaketa librea egiteko edo gaua igarotzeko aukera aurreikusten badute.
Turismo-arloan eskumena duen saileko lurralde ordezkaritzetako zerbitzuek ikuskatzen dituzte Dekretu honetan araututako establezimenduak, Dekretuan xedatutakoa benetan betetzen dela egiaztatzeko eta betearazteko.
Titulu honetan xedatutakoaz gain, beste Herri Administrazio batzuek, sektoreko legediaren arabera dituzten eskumenen babesean, ikuskapen eta zigorren arloan izan ditzaketen eginkizunak ere errespetatzekoak izango dira.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Laguntza eta lankidetza.
Eusko Jaurlaritzak beharrezkoak diren laguntza- eta lankidetza-harremanak finkatuko ditu beste administrazioekin eta, bereziki, Udalekin, Dekretu honetan araututako establezimenduen lehiakortasuna hobetzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko kanpaketa-turismoa garatzeko.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Erantzukizunpeko adierazpenen, jakinarazpenen eta eskabideen eredu ofizialak.
Dekretu honetan aipatzen diren izapide ez-elektroniko guztiak gauzatzeko ereduak eta inprimakiak turismo-arloan eskumena duen sailaren lurralde ordezkaritzetan eta Turismo-arloko sailaren web-orrian daude eskuragarri, eta izapide elektronikoei dagozkienak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan. Hauxe da azken horren helbide elektronikoa: https://euskadi.net/
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Egokitzapena.
Dekretu hau indarrean sartzean behar bezala erregistratuta eta martxan diren kanpinek hiru urteko epea izango dute Dekretu honen II. tituluaren arabera egokitzat jotzen duten turismo kategoriari dagozkion baldintzetara egokitzeko beren instalazioak eta zerbitzuak. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean hasiko da zenbatzen hiru urteko epe hori.
Lehendik martxan diren kanpinei ez zaizkie aplikatuko ez 9. artikuluan xedatutakoa, ezta Dekretu honetan ezarritako gutxieneko azalerak ere. Era berean, Euskal Herriko kanpinen antolaketari buruzko martxoaren 16ko 41/1981 Dekretuaren 29.2.2 artikuluan zehaztutakoaren arabera, partzela murriztuak dituzten kanpinek aukera izango dute, Dekretu hau indarrean sartzean, partzela murriztu horiek mantentzeko.
Aurrez aipatutako hiru urteko epea igaro ondoren, turismo-arloan eskumena duen organoak zehaztuko du, ofizioz, zer kategoria dagokion kanpin bakoitzari.
Dekretu honetan araututako establezimenduek sei hilabeteko epea izango dute erantzukizun zibileko seguruaren zenbatekoak 3. artikuluan zehaztutakora egokitu dituztela egiaztatzeko. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean hasiko da zenbatzen sei hilabeteko epe hori.
Turismo-arloan eskumena duen organoak urtebeteko epean sailkatuko ditu, Dekretu honetan xedatutakoaren arabera, maiatzaren 28ko landa-inguruneko turismo-ostatuak arautzeko 128/1996 Dekretuan definitutako landa-inguruneko kanpinak, baita Euskal Herriko Kanpinen Antolaketari buruzko martxoaren 16ko 41/1981 Dekretuaren IV. tituluan jasotzen diren kanpaketa bereziak ere. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean hasiko da zenbatzen urtebeteko epe hori.
Dekretu hau indarrean sartzean jada baimenduta dauden kanpinek edo eraikuntza-fasean direnek aukera izango dute Dekretuaren 18. artikuluan araututako lekapenen araubideari heltzeko.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Partzeletako beste elementu finko batzuk.
Kanpinek 12 hilabeteko epean kendu behar dituzte Dekretu honetan xedatutakoarekin bat ez datozen edo Dekretuak debekatzen dituen instalazioak eta eraikuntzak. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean hasiko da zenbatzen 12 hilabeteko epe hori.
Indargabetuta geratzen da Euskal Herriko Kanpinen Antolaketari buruzko martxoaren 16ko 41/81 Dekretua.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2013ko uztailaren 30ean.
Lehendakaria,
IŃIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
(Ikus .PDF)
1. KATEGORIA DUTEN KANPINEN BEREIZGARRIA:
(Ikus .PDF)
2. KATEGORIA DUTEN KANPINEN BEREIZGARRIA
(Ikus .PDF)
3. KATEGORIA DUTEN KANPINEN BEREIZGARRIA
(Ikus .PDF)
KANPAKETA-EREMU NATURALEN BEREIZGARRIA
(Ikus .PDF)
IRAGAITZAZKO AUTOKARABANA ETA KARABANEN HARRERA-EREMU BEREZIEN BEREIZGARRIA
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Zuzendutakoa: HUTSEN ZUZENKETA, honako dekretu honena: «396/2013 Dekretua, uztailaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan kanpinak eta beste kanpaketa-turismoko modalitate batzuk arautzeari buruzkoa».
- Garatzen du: 6/1994 LEGEA, martxoaren 16koa, turismoa antolatzezkoa.
- Aldatutakoa: 84/2015 DEKRETUA, ekainaren 9koa, Interneteko goi-mailako «euskadi.eus» domeinu berria ezartzen duena.