- AGINDUA, 2022ko otsailaren 11koa, Osasuneko sailburuarena, lehendakariak osasun-larrialdiaren egoera amaitu dela deklaratu ondoren, COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2022ko otsailaren 11koa, Osasuneko sailburuarena, lehendakariak osasun-larrialdiaren egoera amaitu dela deklaratu ondoren, COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Osasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 31
- Hurrenkera-zk.: 731
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2022/02/11
- Argitaratze-data: 2022/02/12
Gaikako eremua
- Gaia: Segurtasuna eta justizia; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Herrizaingoa
Testu legala
Lehendakariaren otsailaren 11ko 5/2022 Dekretuak amaiera ematen dio 2021eko abenduaren 3tik indarrean egon den osasun-larrialdiaren egoerari, zeina lehendakariak deklaratu baitzuen abenduaren 2ko 44/2021 Dekretuaren bidez, COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera. Amaiera horrek indarrean sartzen denetik aurrera izango ditu ondorioak.
Dekretuak honako hau aurreikusten du 2. artikuluan: «Osasun-larrialdia amaitzeak berarekin dakar, dekretu honetan xedatutakoaren arabera, dekretu hauetan aurreikusitako neurriak ondoriorik gabe geratzea: lehendakariaren abenduaren 28ko 51/2021 Dekretua, prebentzio-neurri espezifikoak zehazten dituena, osasun-larrialdiko egoeraren deklarazioaren esparruan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko; eta lehendakariaren urtarrilaren 28ko 2/2022 Dekretua, 51/2021 Dekretua 2022ko otsailaren 13 arte luzarazten duena, haien aldaketa bat eginda.»
Era berean, aipatutako 5/2022 Dekretuak, xedapen indargabetzailean, ondoriorik gabe uzten ditu bi agindu hauek: Osasuneko sailburuaren 2021eko urriaren 6ko Agindua, lehendakariak larrialdi-egoera amaitu dela adierazi ondoren, normaltasun berrian COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoa; eta Osasuneko sailburuaren 2021eko azaroaren 16ko Agindua, zeinaren bidez 2021eko urriaren 6ko Aginduan jasotako neurriak ezartzen eta modulatzen baitira COVID-19 kutsatzeetan 14 eguneko tasa metatua 100.000 biztanleko 150etik gorakoa den udalerrietan 2021eko urriaren 6ko Agindua, lehendakariak larrialdi-egoera amaitu dela adierazi ondoren, normaltasun berrian COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoa.
Hala ere, egoera eta aurreikusitako bilakaera pandemikoa direla eta, gomendagarria da epidemiologian eta osasun publikoan adituak direnek pandemia kontrolatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten prebentzio-neurriak hartzea, hala nola kasuen eta kontaktuen jarraipena eta kudeaketa eraginkorra.
Halaber, beharrezkoa da zuhurtasun-, segurtasun- eta zorroztasun-printzipioak betetzen segitzea prebentzio- eta autobabes-neurrietan, eta herritarrei laguntza eskatzen zaie orain ere, bakoitzak arduraz jokatzea delako bermerik onenetakoa kutsatzeen bidez birusa ez zabaltzeko.
5/2022 Dekretuaren 4. artikuluak hau ezartzen du: «Hargatik eragotzi gabe EAEn osasun-krisia eta osasun-larrialdiko egoera gainditzea, Osasun Sailak une oro zehaztu ahal izango ditu osasun-dispositiboa aktibatzeko erritmoa eta beharrizanak, bai eta osasun publikoaren zaintzari eta kontrolari dagozkion prebentzio- eta geldiarazte-neurriak berraktibatu, berreskuratu edo abian jartzea ere, COVID-19aren pandemiaren aurrekaria kontuan hartuta, eta jarraipen sistematikoari eta kasuen eta kontaktuen kudeaketa eraginkorrari eutsita.
Horretarako, eta hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko edo Estatuko legeria arrunta aplikatzea, aplikagarria dena eta krisiaren aurrekoa edo krisi-garaian sortutakoa, eta, bereziki, Prebentzio-, geldiarazte- eta koordinazio-neurri urgenteei buruzko martxoaren 29ko 2/2021 Estatuko Legea aplikatzea, eta Estatuko agintariek eskatutako koordinazioa eta kohesioa eragotzi gabe, EAEko osasun-agintaritza gaituta geratzen da, Osasuneko sailburua buru dela, EAEn normaltasun berrian aplikagarriak izango diren prebentzio-, zaintza- edo kontrol-neurriak hartzeko».
Halaber, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 3. artikuluan adierazitakoaren arabera, «Euskal Administrazio Sanitarioari dagokio osasun publikoaren tutoretza orokorra bermatzea, prebentziorako, osasuna sustatzeko neurrien bidez eta prestazio sanitario indibidualen bidez. Halaber, haren zeregina izango da baliabide-dispositibo egokia bermatzea, izaera publikoz ziurtatutako prestazioak emateko, batez ere titulartasun publikoko baliabideen dotazioaren, mantenimenduaren eta antolamendu-hobekuntzaren bidez.»
Bestalde, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio-, geldiarazte- eta koordinazio-neurri urgenteei buruzko martxoaren 29ko 2/2021 Legearen 3.2 artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorreko, autonomia-erkidegoetako eta toki-erakundeetako organo eskudunek izango dituzte, dagokien eskumen-esparruan, lege horretan ezarritako neurriak behar bezala betetzen direla zaindu, ikuskatu eta kontrolatzeko eginkizunak.
Osasun-larrialdiaren egoera amaituta, beharrezkoa da, eta horrela egiten da agindu honen bidez, birusaren hedapena prebenitu eta geldiarazteko neurri jakin batzuk ezartzea, osasun publikoa zaintzeko eta kontrolatzeko. Era berean, neurri osagarriak hartzea aurreikusten da, udalerri jakin batzuetan kutsakortasun-tasa handiko intzidentziaren bilakaera ikusten bada, agindu honetan aurreikusitako neurriei eutsi ezin zaienean.
Hori guztia dela eta, Osasuneko sailburuak, egoeraren bilakaera ikusita eta kontuan hartuta SARS-CoV-2 birusak eragindako pandemia kontrolatzeko beharra, Euskadiko osasun-agintaritza den aldetik, eta honako hauetan araututakoaren arabera: lehendakariaren otsailaren 11ko 5/2022 Dekretuaren 4. artikulua, zeinaren bidez deklaratzen baita EAEn amaitu dela COVID-19aren pandemiaren ondoriozko osasun-larrialdiko egoera; Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 3. artikulua; COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio-, geldiarazte- eta koordinazio-neurri urgenteei buruzko martxoaren 29ko 2/2021 Legearen 3.2 artikulua; Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 4.1 artikulua; eta aplikatu beharreko gainerako araudia.
Lehenengoa. Xedea.
Agindu honen xedea da COVID-19aren pandemiaren aurrekaria kontuan hartuta osasun publikoaren zaintza eta kontrolaren berezko prebentzio- eta geldiarazte-neurriak ezartzea. Neurri horiek Euskadin aplikatuko dira, behin osasun-larrialdiko egoera amaitu dela deklaratu ondoren.
Bigarrena. Aplikazio-eremua eta irismena.
Agindu honetan aurreikusitako neurriak, eranskin gisa jasota daudenak, Euskal Autonomia Erkidego osoan aplikatuko dira, hargatik eragotzi gabe eranskinaren bosgarren apartatuan aurreikusitakoa.
Neurri horiek beste administrazio publiko batzuen eskumenekiko eta, eskumen horiek erabiliz, administrazio horiek hartzen dituzten neurriekiko errespetuaren barruan ulertu behar dira.
Hirugarrena. Neurriak betetzen direla kontrolatzea eta zehapen-araubidea.
Udal, foru eta autonomia mailako ikuskapen-zerbitzuak, euren eskumenen esparruan, arduratuko dira agindu honetan jasotako neurriak betetzen direla zaintzeaz.
Ez-betetzeak gertatuz gero, honako xedapen hauetan aurreikusitako moduan zehatuko dira: COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio-, geldiarazte- eta koordinazio-neurri urgenteei buruzko martxoaren 29ko 2/2021 Legearen VII. kapitulua; Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren VI. titulua, eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 35-39 artikuluak.
Laugarrena. Segurtasun-plan espezifikoak, antolamendu-protokoloak eta gidak.
Agindu honen eranskinean aurreikusitako neurriak osatzeko, segurtasun-plan espezifikoak, antolamendu-protokoloak eta gidak ezarri ahal izango dira, jarduera-sektore bakoitzari egokituta eta administrazio eskudunek onartuta.
Bosgarrena. Neurrien jarraipena eta aplikazioa.
Agindu honen eranskinean aurreikusitako prebentzio-neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, epidemiologia- eta osasun-egoeraren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko.
Ondorioz, Osasun Saileko titularrak, osasungintzako agintaritza den aldetik, agindu hau aplikatzeko behar diren neurriak hartu ahal izango ditu, eta, aplikatu beharreko araudiaren arabera eta osasun-egoeraren bilakaera ikusita, agindu honetan aurreikusitakoez gain beharrezkoak diren neurri osagarri guztiak ezarri ahal izango ditu.
Seigarrena. Indarrean jartzea.
Agindu hau 2022ko otsailaren 14ko 00:00etan jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 11.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.
Neurri orokorrak eta prebentzio-neurriak.
Herritar guztiek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte COVID-19aren gaixotasuna hedatzeko arriskurik ez sortzeko, bai eta norberak arrisku horiekiko duen esposizioa saihesteko ere. Kautela- eta babes-betebehar hori edozein jardueraren titularrei eskatuko zaie. Era berean, errespetatu egin beharko dira osasun-agintariek COVID-19a prebenitzeko ezartzen dituzten segurtasun- eta higiene-neurriak, bai eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezartzen dituen jarraibideak ere.
Oro har, toki publikoetan, pertsonen artean 1,5 metroko distantzia mantentzen saiatu beharko da, eta arreta berezia jarriko da esparru itxietan. Distantzia hori mantentzerik ez dagoenean, higiene-neurri egokiak hartuko dira kutsadura-arriskua prebenitzeko, eta, nolanahi ere, ahalik eta distantziarik handiena mantenduko da pertsonen artean.
Era berean, ahal dela, eskuak gehiagotan garbitu beharko dira, eta, horretarako, soluzio hidroalkoholikoa edo ura eta xaboia erabiliko dira.
Erabilera publikoko establezimenduek eta lekuek etengabeko aireztapena bermatu beharko dute egunean zehar, bai eta lokalak irekitzean eta ixtean ere. Aireztapena mekanikoa bada, maximizatu egin beharko da kanpoko airearen sarrera, eta, aldiz, saihestu egin beharko da airearen birzirkulazioa. Aireztapen- eta klimatizazio-sistemek eraikinak eta lokalak mantentzeko gomendio ofizialak bete beharko dituzte. Era berean, aireztapena (ahal dela, naturala eta jarraitua) konpromiso indibidualeko neurri bat izango da herritar guztien bizikidetzarako eta gizarte-harremanetarako toki guztietan, hargatik eragotzi gabe erabilera publikoko establezimendu eta lokal guztietan aplikatzea.
CO2 neurgailuak erabiltzea gomendatzen da, barruko espazioaren aireztapen-maila egokiak mantentzen lagundu dezaketelako.
Ordutegiak.
Jarduera komertzial, sozial eta kulturalak ixteko eta irekitzeko ordutegia egokitu egingo da arlo horretan aplikagarria den ordutegien ohiko erregulaziora.
Ekitaldiak antolatzea eta jarduerak garatzea.
Era guztietako ekitaldi sozialak, kulturalak edo kirol-arlokoak antolatzean, bai eta erabilera publikoko toki eta establezimenduetan egiten diren jarduera guztietan ere, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezartzen dituen jarraibideak eta gidak errespetatu beharko dira, bai jarduera bera garatzeko orduan, bai jendearen egonaldia eta asistentzia antolatzeko orduan, COVID-19a transmititzeko arriskua saihestu ahal izateko. Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak aldian-aldian eguneratuko ditu jarraibide eta gida horiek, bilakaera epidemiologikoaren arabera.
Betiere, barrualdeko lokal eta instalazio guztiak modu egoki eta jarraituan aireztatu beharko dira. Era berean, barrualdean nahitaezkoa denez maskara erabiltzea, ekitaldiak egiten diren bitartean eta ostalaritza- eta jatetxe-arloko edozein jardueratan, jateko edo edateko unean soilik kendu ahal izango da maskara.
Pertsona kalteberak eta immunodeprimituak.
COVID-19ak eragin larriagoa izan dezake immunodeprimituengan, txertaketaren ondoren ezin izan dutelako immunizazio-maila nahikoa lortu. Horregatik, kasu horretan, maskara etengabe erabiltzea gomendatzen da, baita kanpoko espazioetan ere, kutsatzea prebenitzeko neurri eraginkorra baita.
Azken 14 egunetan intzidentzia metatua 100.000 biztanleko 400 kasutik gorakoa duten udalerriak.
Osasun Sailaren web orrian (https://www.euskadi.eus), udalerrien araberako tasen zerrenda argitaratuko da, astean bi aldiz, eta erreferentzia horrek eragina izango du ondoren zehazten diren neurriak aplikatzeko. Udalerriek udalerriaren egoeraren berri eman beharko diete herritarrei eta, dituzten kanalen bitartez, transmisio handiko egoerak irauten duen bitartean bete beharreko prebentzio-neurriak zabaldu beharko dituzte.
Udalerriak 100.000 biztanleko 400 kasutik gorako intzidentzia-egoeran jarraitzen duen bitartean, jarduerak aldi baterako atzeratzea edo bertan behera uztea, edozein dela ere jarduera horien esparrua, baldin eta udal-agintariek aurreikusten badute ezin izango dela bermatu agindu honetan jasotako prebentzio-neurriak betetzea. Oinarrizko prebentzio-neurriak betetzea bereziki maskara erabiltzea gehien zailtzen duten ekitaldi edo jarduerak dira jarduera horietan jan edo edan egingo dela aurreikusten denean.
Prebentzio-neurriak mantenduz antolatzen diren ekitaldietan, barruko espazioetan zein aire zabalean, komeni da urruntze-neurriak indartzea, jende-pilaketak saihesteko eta jendea sakabanatzea sustatzeko. Hauek betetzeko ahalegina egingo da:
Jendearentzako espazioa handitzea kontzentrazioak aurreikusten diren lekuetan.
Igarobide-korridoreak ezartzea, pertsonen fluxu ordenatua errazteko.
Elikagaiak eta edariak saltzeko eta kontsumitzeko espazioak mugatzea.
Ahal denean, jarduerak kanpoan antolatzeko ahalegina egingo da. Aire zabaleko jarduerak dira seguruenak. COVID-19a harrapatzeko edo transmititzeko arriskua handiagoa da leku itxietan eta jende asko dagoenean.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Indargabetutakoa: AGINDUA, 2023ko azaroaren 28koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez indargabetu egiten da 2022ko otsailaren 11ko Agindua, lehendakariak osasun-larrialdiaren egoera amaitu dela deklaratu ondoren COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa.
- Ikus: 5/2022 DEKRETUA, otsailaren 11koa, lehendakariarena, zeinaren bidez deklaratzen baita EAEn amaitu dela COVID-19aren pandemiaren ondoriozko osasun-larrialdiko egoera, abenduaren 2ko 44/2021 Dekretuaren bidez deklaratu zena.