Euskadi.eus
  • Legegunea atarian European Legislation Identifier (ELI) ezartzea - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Legegunea atarian European Legislation Identifier (ELI) ezartzea

ELI proiektuari buruz

Eusko Jaurlaritzak Europako Legeriaren Identifikatzailea (ELI) ezarri du Legegunea atarian.

Horren ondorioz, honako jarduera hauek egin daitezke atari horretan argitaratzen diren eduki arauemaile guztiekin:

  • EAEko araudia identifikatu, pertsonentzat zein makinentzat ezagutzen eta ulertzen erraza den web identifikatzaile iraunkor eta bakar baten bidez.
  • EAEko legeria deskribatu, automatikoki prozesa daitezkeen metadatu batzuen bidez, EBk gomendatzen duen ontologiarekin bat etorrita (ELI ontologia).
  • EAEko legeak eta EBko gainerako legeak lotu, elkarri lotu eta berrerabili, ELI ezarrita duten guneetan.

European Legislation Identifier - ELI

ELI proiektuak hiru fase ditu («oinarriak» esaten zaie), eta mailaka ezartzeko bide ematen dute. 2012. urtetik hona, Europako zenbait herrialdek ezarri dute ELI sistemako faseren bat.

Estatu Espainolean egutegi bat zehaztu da, identifikadorearen ezarpena egiteko:

  • Estatuak ezartzea: 2019a baino lehen.
  • Autonomia-erkidegoek ezartzea: 2020a baino lehen.

2018an ELI proiektuko fase guztiak, hirurak, ezarrita zituen lehen Administrazio Publikoa Eusko Jaurlaritza izan zen, Estatu Espainolean.

Europako Legeriaren Identifikatzailea (ELI) 2012. urtean Europar Batasuneko herrialde eta erakunde guztiek batera abian jarri zuten ekimena da, formatu normalizatuan dagoen legeria online begiratzea ahalbidetzeko, eta, horrela, legeak mugez gaindi aurkitu, trukatu eta berrerabili ahal izateko.

Askatasun, segurtasun eta justiziaren esparru europarrak, Europako Zuzenbidea ezagutzeaz gain, kideek beste estatu kideen sistema juridikoak ezagutzea eskatzen du. Interneten eskura daitekeen legegintzari buruzko informazio digitalizatua ugaria bada ere, estatuetako ordenamendu juridikoen arteko desberdintasunek, baita estatuen webguneetan legeak biltzeko eta aurkezteko erabiltzen diren sistema teknikoen arteko aldeek ere, oztopatu egiten dituzte estatu eta Europa mailako erakundeetako informazio-sistemen irisgarritasuna eta elkarreragingarritasuna.

Testuinguru horretan, hauxe da Europako Legeriaren Identifikatzailea (ELI) ezartzeko helburua: estatu, Europa eta mundu mailan erabiltzen diren sistemetan bildutako informazio juridikoa eskuratu, trukatu eta elkarri lotzeko aukerak hobetzea, legeei buruzko informazioaren sare bat —behin eta berriz erabil daitezkeen datu irekien multzo gisa eskuragarria— abian jartzeko.

ELI sistemaren abantailak:

  • Legeriari buruzko datuen kalitate hobea eta fidagarritasun handiagoa
  • Elkarreragingarritasun handiagoa
  • Legeria eskuratzeko aukerak hobetzea
  • Zerbitzu berriak abian jartzeko aukera
  • Kostuak aurreztea
  • Gardentasuna sustatzea

Hona hemen ELI proiektuaren oinarriak:

  • Informazio juridikoaren web-identifikatzaileak (URI), edo 1. oinarria.
  • Informazio juridikoa azaltzeko modua zehazten duten metadatuak (2. oinarria).
  • Legeria irakurketa mekanikoko formatuetan trukatzeko lengoaia espezifikoa (3. oinarria).

1. oinarria: Identifikatzaile bakarrak

ELIk bidea ematen du Estatuko eta Europako legeria modu unibokoan identifikatu, izendatu eta eskuratzeko, pertsonek zein sistema informatikoek irakur ditzaketen sinboloak erabiliz. Sinbolo horiek, gainera, bateragarriak dira gaur egungo estandar teknologikoekin.

ELI identifikatzaileak HTTP URI erabiltzen du, Europan ofizialki argitaratu den informazio juridiko osoa identifikatzeko; eta web semantikoaren filosofiari jarraitzen dio.

2. oinarria: Legegintzako egintza bakoitza ontologia baten arabera deskribatzen duten ezaugarriak

URI egituratu bat nahikoa da egintzak identifikatzeko, horretarako zehaztu den osagai multzo bat erabiltzen duelako, baina sintaxi partekatu batean ezarritako metadatu gehigarriak esleituz gero, lege-informazioko sistemen arteko elkarreragingarritasuna sustatu eta areagotzeko oinarriak finkatzen dira. Baliabide baten funtsezko ezaugarriak deskribatzen dituzten metadatuak identifikatuz, estatuek beste batzuek prozesatutako informazio egokia beren beharretarako berrerabili ahal izango dute, informazio-sistema berriak sortu beharrik gabe.

Ontologia bat deskribapen formala da, eta arlo jakin bateko kontzeptu multzo bat eta horien arteko harremanak adierazten ditu. Legeriaren ezaugarriak eta kontzeptuen arteko harremanak deskribatzen badira, terminoen anbiguotasuna ezabatu, eta elkarren artean ulertzea lor daiteke. Espezifikazio formala denez, ontologia bat zuzenean prozesa daiteke sistema informatikoetan.

Hori dela eta, herrialde bakoitzak bere metadatu eskema erabil dezake, baina Europar Batasunak proposatzen du ELI metadatuen estandarrei jarraitzea, dagozkien autoritate taula partekatuak erabiliz; taula horiek handi daitezke, berariazko premiak betetzea ahalbidetzeko. ELI metadatuen eskema eta metadatuen eskema pertsonalizatuak batera erabili ahalko dira.

3. oinarria: Metadatuak berrerabiltzeko moduko formatuetan sortzea

ELI estandarrak datuak azkarrago eta kopuru handiagoan trukatzeko aukera ematen du: metadatuak aldizkari eta buletin ofizialen web orrietan edo lege-informazioa kudeatzeko sistemetan txertatzen direnean, informazioa modu automatiko eta efizientean truka daiteke sare semantikoaren arkitektura sortu berriaren abantailei esker; izan ere, azken horrek aukera ematen du ordenagailuek zein pertsonek informazioa zuzenean prozesatzeko.

Datu-trukaketa eraginkorragoa izan dadin, ELI metadatuen osagaiak W3C erakundearen «RDFa in XHTML: Syntax and Processing» (RDFa) izenburuko gomendioarekin bat sailka daitezke. RDFa formatuaz gain, estatu kideek beste sailkapen-formatu batzuk gehitu ahalko dituzte.

Estatu Espainolaren ordenamendua oso askotarikoa da; hortaz, identifikatzailea era koordinatuan ezarri behar da administrazio guztiekin.

Horiek horrela, Administrazio Elektronikoaren Batzorde Sektorialak - Estatuko Administrazio Orokorraren, autonomia-erkidegoetako administrazioen eta toki administrazio-sistema osatzen duten erakundeen artean administrazio elektronikoaren arloko lankidetza sustatzeko organo teknikoak— 2017. urtean «ELI Lantaldea» sortzeko erabakia hartu zuen, estandarra Espainiako legegintzan aplikatzeko modua aztertze aldera.

Taldeak egindako lana abiapuntu hartuta, Administrazio Elektronikoaren Batzorde Sektorialak, 2018ko martxoaren 13ko bileran, «Europako Legeriaren Identifikatzailea Espainiako Legegintzan ezartzeko (1. fasea) Zehaztapen Teknikoa» onartu zuen.

Egutegi bat zehaztu da, identifikatzailearen lehen ezarpen-fasea egiteko (1. oinarria):

  • Estatuak ezartzea: 2019a baino lehen.
  • Autonomia-erkidegoek ezartzea: 2020a baino lehen.

ELIri buruz informazio gehiago elidata.es atarian

2018an ELI proiektuko fase guztiak, hirurak, ezarrita zituen lehen Administrazio Publikoa Eusko Jaurlaritza izan zen, Estatu Espainolean. Nabarmentzekoak dira honako alderdi hauek:

EHAAn argitaratu den araudia:
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko eduki arauemaileetan ELI ezarri da. Hori dela eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian arau bat argitaratzen den bakoitzean, Legegunea atariko arau-arloan ere argitaratuko da, ELI proiektuaren zehaztapen teknikoak ere jasota. Hala da, karga-prozesua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaritik Legegunea atarira automatikoki egiten delako, egunero.
1936. urtetik aurrerako legeria:
Espainian ezarri da 1978-12-29tik aurrera argitaratu diren arauei ELI aplikatzeko betebeharra; Eusko Jaurlaritzak, ordea, ezarri du 1936. urteaz geroztik argitaratu diren arau guztiei aplikatu behar zaiela.
36.000 arau baino gehiago:
Zenbat eta arau gehiagori aplikatu, orduan eta handiagoak izango dira ELIk berekin ekartzen dituen onurak. Euskadin, guztira, 36.000 eduki arauemaile aplikagarritan baino gehiagotan txertatu da ELI zehaztapena.

ELIren ezarpen teknikoak berekin ekartzen du web semantikoan oinarritutako zehaztapen tekniko batzuei jarraitzea. Zehaztapen teknikook hainbat fasetan laburbildu ditugu, eta 2018. urtearen amaieran jada osatuta eta amaituta zeuden:

URI bakarrak, iraunkorrak eta ulergarriak

ELIn ezarritako eredua betetzen duen URI baten bidez (web-identifikatzaile baten bidez) eskura daiteke Legegunea atariko eduki arauemaile bakoitza.

ELIren eredua:
/eli/{jurisdiction}/{type}/{year}/{month}/{day}/{naturalidentifier}/{version}/{pointintime}/{language}/{format}
Eusko Jaurlaritzaren lege-errekurtsoaren eredua, gaztelaniaz:
http://id.euskadi.eus/eli/es-pv/res/2018/12/10/(8)/dof/
Eusko Jaurlaritzaren lege-errekurtsoaren eredua, euskaraz:
http://id.euskadi.eus/eli/es-pv/res/2018/12/18/(7)/dof/eus/
Arau hori gaztelaniaz jasotzen duen dokumentua, HTML formatuan:
http://www.legegunea.euskadi.eus/eli/es-pv/res/2018/12/10/(8)/dof/spa/html/ 
Arau hori euskaraz jasotzen duen dokumentua, PDF formatuan::
http://www.legegunea.euskadi.eus/eli/es-pv/res/2018/12/10/(8)/dof/eus/pdf/
2018ko ebazpen guztiak lortzeko, URIko metadatuak erabil ditzakegu, egin nahi dugun kontsulta osatu arte:
http://www.legegunea.euskadi.eus/eli/es-pv/res/2018/ 

URI web-identifikatzaileak esklusiboak dira, hau da, lege-errekurtso bakoitzak gehienez ere web-identifikatzaile bat dauka. URIak iraunkorrak dira, eta ezin dira ezabatu; ezabatu beharrean, birbideratu egin behar dira.

Edukia negoziatzea

Lege-errekurtso bat hainbat modutan adierazita egon daiteke: hainbat hizkuntzatan edo formatutan (HTML, PDF).

Edukiaren negoziazioaren bidez, Legegunea atariko web-zerbitzariak erabiltzailea automatikoki birbideratzen du lege-errekurtsoaren irudikapenera, eta kontuan hartzen du makina edo programa batek eskatu duen (RDF) edo pertsona batek eskatu duen (HTML).

Open Data Euskadi webguneko edukia negoziatzeari buruzko informazio gehiago

ELI metadatuak

Legeak metadatu arautuen bidez deskribatzen baldin badira, informazio juridikoa biltzen duten sistemen arteko elkarreragingarritasuna sustatzen da. Legegunea atarian argitaratu diren arau guztiei gehitu zaizkie ELI ontologian zehaztuta dauden metadatuak; eta, ondorioz, haien erabilgarritasuna handitu da.

Metadatuok gehituta, informazio juridikoa berriz eta erraz erabil daiteke, informazio-sistema berriak sortu beharrik gabe.

ELI ontologiari buruzko informazio gehiago

ELI espezifikazioaren ontologia

Berriz erabil daitezkeen metadatuak

Legegunea atarian argitaratzen diren eduki arauemaile guztiek metadatuak dituzte, berriz erabil daitezkeen formatu semantikoetan jasota:

RDFa eta JSON-LD formatuko metadatuak HTML kode batean txertatzen dira, lege-errekurtso bakoitzean.

Formatu horiekin batera, arauen metadatuak Open Data Euskadi webgunean —Eusko Jaurlaritzaren datu irekien atarian— ere argitaratzen dira, elkarri lotuta dauden datu multzo gisa. Datu multzo horrek arau guztien metadatuak biltzen ditu RDF-Turtle formatuan, eta Open Data Euskadi webguneko hirukoitzen datu-basean kargatzen da. Horri esker, EAEko legeei buruzko kontsultak egin daitezke Sparql enpoint-en.

Open Data Euskadiko Sparql endpoint

Sparql kontsulta baten adibidea: bi egun arteko ELI lege-errekurtsoak

PREFIX xsd: <http://www.w3.org/2001/XMLSchema#>
PREFIX schema: <http://schema.org/> 
PREFIX eli: <http://data.europa.eu/eli/ontology#> 
PREFIX graph:<http://id.euskadi.eus/graph/>
SELECT  DISTINCT ?datePub ?legalresource ?title
WHERE {
	GRAPH graph:bopv-european-legislation-identifier-eli {
		?legalresource eli:date_publication ?datePub .
		?legalresource eli:is_realized_by ?legalexpresion .
    	?legalexpresion eli:title ?title .
		?eliformat eli:embodies ?legalexpresion .
		?eliformat schema:mainEntityOfPage ?legeguneaurl .
	}
     FILTER (?datePub > "2017-01-01"^^xsd:date  && ?datePub < "2019-01-01"^^xsd:date)
}

Datuak federatzea beste Open Data katalogo batzuetan

Azkenik, Open Data Euskadiko datu multzo guztiak Datos.gob.es datu gisa ematen dira, eta EBko datu irekien atarian ere argitaratzen dira. Datu irekien gaineko hiru atari hauetan aurki dezakegu EAEko araudiari buruzko datu multzoa:

Horrenbestez, Euskadiko lege-errekurtsoak plataforma erkide batetik eskuratu ahal dira (4. oinarria).